EUSKAL HERRIA

Erabateko isiltasunean oroitu dute Inaxio Uria, ETAk hil eta bost urtera

Hil zuten toki eta ordu berean bildu dira familiakoak, lagunak, hainbat ordezkari politiko eta herritarrak.

Uriari omenaldia, Azpeitian. OIHANA ELDUAIEN
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko abenduaren 3a
14:33
Entzun

Seme-alabak, anai-arrebak eta familiako gainerako kideak aurreneko ilaran. Duela bost urte ETAk zerraldo utzi zuen tokiari begira. Mutu. Bigarren planoan politikariak; besteak beste, EAJko Joseba Egibar, Andoni Ortuzar, Bakartxo Tejeria eta Markel Olano, Aralarreko Ainhoa Beola eta Rebeka Ubera, PSE-EEko Iñaki Arriola eta EAko Ikerne Badiola eta Pello Urizar. Eta herritarrak ondoren. Altuna y Uriako langileak eta beste. Bost urte dira gaur ETAk Inaxio Uria hil zuela Azpeitiko Loiolan. "Justizian itxaropena" dutela oroitu dute.

Astindu zituen bazterrak. Astindu, mindu eta birrindu zituen familiakoen eta lagunen bihotzak. Baita politikarien kontzientziak ere, ezker abertzalekoenak barne. Gaur bost urte, Inaxio Uria hil zuen tiroz ETAk, EAJren inguruko enpresaburua. AHTko lanetan aritzen zelako eta iraultza zerga ordaintzeari uko egin ziolako hil zuen. Azpeitian egin zuen. Gerora, Bildu koalizioa osatu zuten ANV, EA eta Aralarrek elkar hartuta EAJren gainetik gobernuan zeuden herrian. Dena aldatu zen.

Familiakoak ez dira adierazpenak egin zaleak, baina komunikabideetara igorritako prentsa oharrean diotenez, "justizian eta memorian" itxaropena eduki nahi dute ETAk senidea kendu eta bost urtera: "Gure gizartean aldaketa egongo den itxaropenarekin. Ahanzturarik gabeko aldaketa memoriarekin eta justiziarekin. Beti legearen eskutik etortzen ez den justiziarekin". "Garai nahasiak" direla dio Uria Aramendi familiak oharrean, eta orain, "beti bezala", "etika eta giza balioak" beste guztiaren aurretik jarri behar direla ohartarazi dute. "Hainbeste sufrimendu eragin dutenek osorik bete behar dituzte zigorrak", dio familiaren oharrak, eta honako hau gaineratu: "Haiek sentitu behar dute presioa, ez guk".

Lozorroan zegoena, azalera

Altuna y Uriako enpresaburuaren hilketaren ostean, ezker abertzalea Azpeitiko Udaletik kentzeko zentsura mozioa aurkeztu zuten EAJk eta EAk, eta Julian Eizmendi jeltzaleak alkatetza hartu zuen Iñaki Errazkini kenduta. Hark atentatua ez zuela gaitzetsi argudiatu zuten.

Baina ezker abertzalean bazen eztabaida ordurako. Uria hil zuten tokitik metro batzuk eskasera EAJk, PSE-EEk eta ezker abertzaleak 2006an egin zituzten negoziazioak hautsita zeuden, eta Suitzan egindako azken saioek ere porrota izan zuten. Estrategia aldaketaren beharrari buruzko gogoeta egiten ari ziren ezker abertzaleko buruzagiak.

Horren lekuko dira, Rufi Etxeberriak Bateragune auziko epaiketan emandako azalpenak. ETAk Uria hil eta hilabete gutxi barru eman zion Otegik estrategia aldatzeko prozesua abiatzeko asmoen berri. Borroka armatua baztertu eta borroka politiko eta demokratiko hutsa bultzatzeko eztabaida abiatzeko asmoaren berri. Etxeberria bera preso zegoela, 2009ko urtarrilean EAEko Auzitegi Nagusira eraman zuten, negoziazioetan alderdi politikoekin egindako bilerengatik egin zuten epaiketara. Han Otegirekin egon zen, eta hark bere asmoen berri eman zion. Etxeberriak esan zuenez, Otegik eta Bateragune auziagatikpreso dauden gainerako lau lagunek 2006an hasitako eztabaida amaitzea ekarri zuten, zeinaren ondorioz argi eta garbi arbuiatu zituen ezker abertzaleak indarkeriazko bide guztiak.

Uria hil zutenean, beraz, ezker abertzalearen barruan eztabaida antolaturik ez bazegoen ere, gaiaren inguruko kezka nabarmena zen. Enpresaburuaren hilketak kezka areagotu zuen.

Ezker abertzaleak ez zuen atentatua kondenatu, baina ez zuen ezkutatu sortutako atsekabea. "Astinaldi sozial eta politikoarekin" bat egiten zuela azaldu zuen, eta senideei elkartasuna adierazi. "Alde guztiek, ezker abertzaleko erakunde guztiek eta eragile politiko, sindikal eta sozial guztiek" hausnartu beharra zutela esan zuen; "eztabaida eta hausnarketa estrategikoa" behar zutela, "bide politiko eta demokratikoetatik gatazkaren konponbiderako zikloa zabaltzea ahalbidetzeko".

ETAk esan zuen "Euskal Herriari inposatutako abiadura handiko lanetan bereganatutako erantzukizunagatik eta ETAren iraultza zerga ordaintzeari uko egiteagatik" hil zuela Uria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.