Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko bigarren planaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera. Erabiltzaileen hizkuntza lehentasunak jasotzeko erregistro bat egin beharrean, osasun sistemaren erabiltzaile berrien lehentasunei buruz galdetuko diete osasun profesionalek. Dena den, aurrera begirako neurria ere izan daitekeela iragarri dute. "Berriekin hasiko gara, baina hau ez da egun bateko plana, eta gainontzekoei ere galdetuko diegu", aurreratu du Etxeberriak.
EAEko osasun sistema publikoan 2013 eta 2019 artean euskararen erabilera normalizatzeko politikak zehazten dituen plana 2013ko abenduan onartu zuten. Besteak beste, osasun zerbitzuen kanpoko eta barruko harremanetan "zirkuitu elebidunak" sortu nahi dituzte, lehen arretatik arreta berezitura arte, euskara erabiltzeko aukera emateko. "Langileen hizkuntza lehentasunak jasoko dira, eta kontuan hartuko dira", azaldu du Etxeberriak.
Hizkuntz eskakizunei dagokienez, osasun zerbitzua dagoen eremuaren araberakoa izango dela azaldu du Etxeberriak, baita eskaintzen diren zerbitzuen araberakoa ere. Hain zuzen ere, etxeko ospitaleratzean, adineko pertsonekin lan egiten duten zerbitzuetan eta beste zenbaitetan hizkuntzaren ezagutza indartuko dutela iragarri du. Darponek nabarmendu du neurri horiekin hizkuntza hautua bermatzeko helburuan aurrera egin nahi dutela, baina, betiere, "progresibitatea" kontuan hartuta.
EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak "uneak eskatzen duen" lidergo falta leporatu dio Darponi. Plana garatzeko egutegi zehatza falta dela nabarmendu du, baita giza baliabideak eta baliade ekonomikoak ere. Horrez gain, neurri batzuekin ados egon arren garapen falta egotzi die. "Lehentasunezko hizkuntza zehaztea garrantzitsua da, baina ez horretara mugatzea. Plana irakurrita, ematen du hori dela helburua".
PPko legebiltzarkide Laura Garrido euskara sustatzearen alde agertu da, "baina ez edonola". Planak arazoak sortuko dituela iragarri du erabiltzaileen "askatasunean" eragiten duelako. PSE-EEren legebiltzar taldeko ordezkari Idoia Mendiak, bestalde, hizkuntza derrigortasunak zehazterakoan Eusko Jaurlaritza "baikorra" izan dela azaldu du.