Erabiltzaileen enpatia agortzen

Egunero 85.000 erabiltzaile ditu Bilbobusek. Pazientziaz jasan dituzte gatazkaren ondorioak, baina batzuengan nekea nabarmentzen hasi da.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Gaur astebete hasi zuten Bilbobuseko langileek greba mugagabea. Ordutik kolore gorriko autobusen presentzia eskasa da Bilboko kaleetan. Hiru autobusetatik bat baino ez dabil, eta 85.000 erabiltzaileen egunerokotasunean eragin nabarmena du horrek. Asko grebaren ondorioak jasateaz nekatzen hasi dira.

Normalean autobusen ordutegiarekin ozta-ozta moldatzen dela zioen atzo Mari Karmen Velasco izeneko adindun batek. Supermerkatuko poltsaz beterik zegoen autobus geltokian eserita. «Nire adinean zer nahi duzu ba! Buruak nahi duenean funtzionatzen du». Orain are galduago sentitzen da. Ez daki noiz igaroko diren autobusak, nahiz eta geltokian bertan enpresak jarritako ohar bat duen gutxieneko zerbitzuak zehaztuz. «Auskalo zenbat denbora igaro beharko dudan hemen zain».

Haren kexuak entzunda, ondotik igaro zen gizonezko batek ere protesta egitea erabaki zuen. Langileen aldarrikapen eskubidea oso-osoan onartzen duela zioen. Hala ere, bai enpresari eta bai langile batzordeari konponbidea bilatzeko ezer ere ez egitea leporatzen zien Alejandro Elejabeitiak. «Nik egunkarietan irakurri dudana baino ez dakit. Kanpotik ikusita, iruditzen zait egoskor jarri direla, herritarroi egiten diguten kalteari erreparatu gabe».

Alaba Arangoitin bizi du. «Lan egiten du, senarrarengandik bananduta dago, eta nire bilobak autobusez moldatu behar izaten dute Bilbora jaisteko». Auzoak duen garraio publiko bakarra da Bilbobus, eta normalean ere zerbitzu eskasa izaten dutela dio. Greba hasi denetik, Elejabeitia joaten zaie autoz bila.

Beste aukera batzuen bila

Beste garraio publikoetan ere nabaritu da grebaren eragina. Metroak erabiltzaile gehiago izan ditu, bidaiarien esanetan. Metro Bilbaok, hala ere, ez du datu hori baieztatu. Deigarria da, baita ere, Bizkaibusen kasua. Deustuko geltokietan, adibidez, beste herri batzuetatik hiriburura datozen autobusak hartzen hasi da jendea, Bilbo erdigunera joateko, nahiz eta garestiago atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.