Euskal Herrira bueltan, Patxi Lopez lehendakaria Eusko Jaurlaritzako sailburuekin agertu da hedabideen aurrera gobernuaren ezohiko bileraren ondoren. Bere agerraldian elkarbizitza eraikitzeko hainbat eragileekin bilduko dela esan du, alderdiak eta sindikatuak tartean, eta galderen txandan Bildurekin ere bilduko ote den galdetuta erantzuna baiezkoa dela agerikoa dela adierazi du.
Euskal gizarteari eskerrak eman dizkio Lopezek. "Heldu da egun handia, amesgaiztoa amaitu da, ETAk porrota onartu du. Demokraziaren eta askatasunaren garaipena da". Terrorismoaren biktimak izan ditu gogoan agerraldiaren hasieran, eta euren memoria etorkizunaren zutabe bihurtuko dela azpimarratu du.
Eskerrak luzatu dizkie Lopezek "gehien arriskatu dutenei, epaile eta fiskalei, mehatxupean izan diren kazetari, irakasle eta enpresariei, baita Espainiako gobernuei eta aurreko lehendakariei ere". Azken horiekin bilduko dela iragarri du.
"Inor ez dadin kanpoan geratu"
"Ez digute ezer opartiu eta ez diegu ezer ordainduko. Zor handia dute", esan du Lopezek. Hala ere, orain elkarbizitza eraiki behar dela esan du, eta horretarako Legebiltzarrean aurkeztu zuen dekalogoa berretsi du. "Uste du etapa berri honen gida izan daitekeela".
"Aske izaten ikasi behar dugu, askatasuna ikasi egiten baita, besteena errespetatuz, ezberdinak garela barneratuz, bat eginez gizartean denok parte hartu ahal izan dezagun, inor ez dadin kanpoan geratu". Gertatutakoa gogoan izan behar dela esan du, eta euskal herritarren artean identitate desberdinak daudela onartu.