Daniel Dergiren aurkako euroaginduaren ebazpenak erreakzioak piztu ditu. Oro har gehienek berri ontzat jo dute erabakia. Are gehiago, Euskal Herrian zabaltzen ari den bake prozesuaren baitan «egokia» dela iruditzen zaie gehienei.
Hala nola Xabi Larralde Batasuneko bozeramailearen hitzetan «azkenean normala den erabaki bat, poztasun handia ekartzen duena herrira». Larralderen ustetan «euroagindu hori zernahikeri itzela zen, ez zetorren bat egungo egoera eta giro politikoarekin». Ezker abertzaleari dagokionez «Ipar Euskal Herrian eratutako mugimendu zabal eta anitzaren jarduna, eta ideologia ezberdinetako hainbat alderdik eta eragilek erakutsiriko konpromisoa txalotu» ditu. Eta era berean, Frantziako eta Espainiako estatuei «ekinbide errepresiboa behingoz eta behin betiko alboratzeko» eskatu die.
Abertzaleen Batasunak ere «berri ona» dela adierazi du, eta azpimarratu nahi izan du «euroaginduen aurrean orohar izan den mobilizazio duin eta azkarra». Andde Saint Marie bozeramailearen hitzetan «oraingoan entsegua markatu dugu falta zaiguna orain transformatzea da Aurore Martinen kasuarekin». Eusko Alkartasuneko Mattin Etxeparerentzat «mobilizazioak eman du bere fruitua». EAJren izenean Ramuntxo Camblongek dio «biziki untsa» dela, «berri ona da».
Euroaginduaren aurkako kolektiboaren izenean Francis Charpentiek lau puntu ezberdinetan banatu du haien balorazioa. Lehenik eta behin «oso pozik gara irabazitakoaz, denek genekielako Daniel Dergik bizitza uzten ahal zuela bertan». Garaipenean «mobilizazioak bere pisua» izan duela azpimarratu du. Bere hitzetan «estatuen borondatea delako euroagindua plantan jartzea». Eta «adi» egoteko deia luzatu du, «estatuentzat porrot bat den heinean beste euroagindu bat aurreikus daitekeelako».
Eleak mugimenduaren iritziz, berriz, «auzitegiak hartutako erabakia bat dator momentu honetan Euskal Herriak eta Eleak mugimenduak egiten duten eskakizunarekin: “bake prozesu baten testuinguruan auzitegiek erabakiak hartzeko politika erabiltzea». Gainera, Joxean Agirre bozeramaileak azaldu du antzeko erabakiak hartu beharko liratekeela: «Esaterako, Bateragune auzian eta Oarsoaldeko gazteen kasuan». Bestalde, adierazi du Ipar Euskal Herrian auzibidean jarritako pertsonak babesteko abiatutako herri dinamika erredugarria dela, eta oso aintzat hartu behar dela Hego Euskal Herriko egoerari begiratuta.
Francois Alfonsi kortsikar eurodiputatuaren hitzetan «Dergiren ebazpenarekin Martinen kasuarentzat ondorioak atera ditzatela» argudiatu du. Bere ustetan «Euroaginduaren erabilpen hau herritarren eskubide eta askatasunen beherakada bat denaren kontzientzia hartu du jendeak; mobilizazioetan ikusi da».
Daniel Romestang CGT sindikatuko delegatuaren hitzetan «ongi da justiziak errefusatu izana, Alemanian ere hasten dira euroaginduaren inguruko gogoeta eramaten, zuzenbide konstituzionalean euroaginduak duen eraginaz ohartzen baitira».
Frantses alderdietako zenbaitzuek ere berria positiboki baloratu dute. Jean Jacques Lasserren hitzetan «berri lasaigarria» da. Michel Veunac Modem-UDF-koaren hitzetan «Aurore Martinekin bezala, Dergiren euroagindua ez da ongi etorria garai hauetan, non Euskadin egoera politikoa garatzen ari den lasaitze seinale garrantzitsuekin». Gehitu du «zentzuzko erabakia» iruditzen zaiola. Egungo testuinguruan euskal arazoaren inguruan «lasaitasuna bilatu behar dela dioVeunac.
Interes gutxi
Bestalde arduradun politiko batzuek interes gutxi azaldu dute berri honen aurrean. Max Brisson UMP-koaren hitzetan «Miarritzetik 1.000 kilometrora aurkitzen naiz oporretan, beraz gauza hauengandik urrun naiz».
Jean Espilondo Angeluko auzapez sozialistak Euskal Herritik urrun, gaia ez duela segitu eta erantzuteko zailtasunak dauzkala aitortu du, halere, adierazpen batzu egin ditu: «Nire jarrera betikoa da. Ez ditut komentatzen herri demokratikoetako justizia erabakiak. Errespetatu behar dira. Dergiren euroagindua ez dutela onartu? Hobe Dergirentzat». Bere ustez, «justiziak bere independetzia frogatu du». Bere hitzetan Euroaginduaren gaia «korapilotsua» dela dio. Zehazten du «Europa osoan justizia bakarra balitz... baina gauzak hori baino konplikatuagoak dira».
Eragile gehienek berri ontzat jo dute atzoko ebazpena
Euskal Herrian zabaldu den bake prozesuaren barnean baloratu egiten dute Dergi ez Espainiaratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu