Dagoeneko Ipar Euskal Herriko hainbat erakunde eta elkarterekin lankidetzan ari da Udalbiltza, horien artean Euskararen Erakunde Publikoa edo Garapen Kontseilua. Preseski, Hautetsien Kontseiluko presidente Jean Jacques Laserrerekin biltzekoa da Udalbiltza. Garapen Kontseilua aztertzen ari da 2014-2020rako Lurralde Kontratua. Horren baitan, naturaltasunez ari dira elkarlanean kontseilari nagusiak, Akitaniakoak eta Estatuaren ordezkariak Udalbiltzakoekin.
Gaur egun Ipar Euskal Herriko 62 hautetsi daude Udalbiltzan, horietan 12 auzapezak. Martxoko hauteskundeen ondorioz, kopurua bikoiztuko dela espero du Udalbiltzak. Karia horretara, dei zabala egin die Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsi guztiei, Udalbiltzaren egituraketan parte har dezaten.
Bertze alde batetik, Udalbiltzak azaldu du Ipar Euskal Herriko eragileek biziki ongi hartu dutela Pirinioetarako plangintza eta abian daudela lau programa. 66 proiektu ezberdin aurkeztu dira, horietako 21 Nafarroa Beherean eta Zuberoan eta zortzi Pirinioetako eremu osoan.