Dena prest dute Gasteizen, giza kate baten bidez, hiriko auzitegi, erakunde eta plazak lotuko dituen ekitaldirako. Larunbatean izango da hori, 19:00etan. Joan den asteetan kirol eta kultur arloekin egin bezala, gaur goizean azken agerraldia egin du Gasteizko Harresiak hainbat eragilerekin, herritarrak izena ematera deitzeko. Eli Etxebarria Arabako mugimendu feministako kideak azaldu duenez, "lehentasunezkoa" izan da antolatzaileentzat gizarte eragileekiko harremana, hain zuzen, "salbuespen politikek" aldarrikapen horien aurka jotzen dutelako: "Protesta molde eta gizarte eraketa oro amaitzea nahi dute".
Jakinarazi dutenez, talde ugarik hartu dute dagoeneko beren lekua; besteak beste, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldeko mugimenduak, Martxoaren 3ko elkarteak, Fracking Ez Arabak, Gasteizko AEK-k, ESK sindikatuak, Indar Baskoniako zaleek eta Bizigarri Zaramagako auzo elkarteak.
Agerraldian gogoan izan dituzte pasa den larunbatean atxilotu zituzten Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou gazte auzipetuak, beren argazki bana erakutsiz.
Azkenik, giza katera laranja kolorez jantzita joateko eskatu diete herritarrei, eskuz esku lotu nahi dituzte lekuetako batera: Eusko Legebiltzarrera, udaletxera, Justizia Auzitegira, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara, edo Foruen plazara. Zuzenean jarraitu ahal izango da ekitaldia, gainera, Hala Bedi irratiaren bidez.
Batzarra eta bertso saioa
Bitartean, larunbateko giza katea antolatu eta girotzeko ekitaldiak ere izango dira. Gaur, esaterako, batzarra egingo dute 19:00etan Gasteiz Txiki elkartean, eta bertso saioa izango da bihar Jimmy Jazz aretoan. Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Ander Solozabal, Sustrai Colina, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes eta Jon Maia arituko dira, 20:00etatik aurrera.