Aldaketa sozialaren batzarra osatzen duten 30 eragilek baino gehiagok elkarretaratzea egingo dute asteazkenean Aldaketa Soziala Orain! lelopean. Hain justu, egun horretan da Nafarroako legebiltzar berria osatzekoa. Eragileek eskatuko dute "aldaketa politikoak" eragina izan dezan gizarte ereduan: "Pertsonen beharretan oinarritutako eredu bat behar dugu". Mobilizazioarekin bat egin dute EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezkerrak eta Equok.
Elkarretatzearen deitzaileen izenean, Pilar Hurtadok eta Iñaki Justesek irakurri dute oharra. Adierazi dute "pozik" daudela "urte askoren ostean" Nafarroan izandako "aldaketa politikoagatik". Haien esanetan, herritarrek bultzatutako aldaketa izan da, eta espero dute arlo guztietan "demokratizazioa" ematea: "Lehentasunezkoa izan behar du herritarren erreskateak eta ustelkeriari aurre egiteak". Batzarrak jakinarazi du horretarako lanean segituko dutela.