Arantza Zuluetak aske behar lukeela uste du bere aldeko plataformak. Hori lortzeko, baina, eragileen laguntza beharrezkoa dela uste dute, eta horregatik, haiekin bilera erronda egingo dute, inplikazio bila. Gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan jakinarazi dute eragile politiko, sindikal eta sozialekin elkartuko direla.
Horretaz gain, urtarrilaren 7rako manifestaziorako deia egin dute, abokatua askatzeko eskatuz. Gainera, gogora ekarri dute, Zuluetaren auzi berberean atxilotutako 40 lagunetatik berak bakarrik jarraitzen duela giltzapean. Eta hori gutxi balitz bezala, muturreko egoeran daukatela salatu dute.
Urrunduta eta bakartuta daukatela ohartarazi du Jone Goirizelaia abokatuak, eta hori, "mendekuz" egiten ari direla nabarmendu du.