Aitor Orobengoa. Metapostako idazkaritza teknikoko kidea

«Eragin eremua hedatzeko asmoa du Metapostak»

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Metaposta egitasmoan hasieratik lan egin du Aitor Orobengoak. Europan egonkortu diren egitasmoak aztertu ditu, eta zerbitzua garatzeko gelditzen den lana gogorarazi du, baita dituen erabilera pluralak ere.

Zer eskaintzen die Metapostak enpresei?

Metapostak herritarrak erakartzeko tresna izan nahi du, eta tresna horretatik gertu dauden enpresek hori baliatuko dute. Zerbitzua hurbiltzeko asmoz, herritarrengana gerturatzeko modu berria eskaintzen du egitasmo honek. Horrez gain, urtero 75 euro inguru erabiltzen dituzte enpresek familia bati posta bidaltzeko, eta Metapostaren bidez %80 murritz daiteke hori.

Nola isla daitezke gerturatzeko bide horiek?

Metapostak hiru jarduera eremu ditu: segurtasun kutxa, buzoia eta sektore ezberdinetan izan dezakeen erabilera. Azken horretan, irudimena da muga bakarra. Herrialde batzuetan bidaiarien segurtasun kutxa abiarazi dute, hegazkin txartelak edota hotelen bonuak gordetzeko erabiltzeko.

Hortaz, oinarria ezarri da, eta horren gainean eraiki behar da hemendik aurrera.

Hori da. Danimarkako e-boks zerbitzuko gerenteak bi gako eman zizkigun egitasmoa sendotzeko. Herritarrek sistema bere egitea eta enpresak sistemara dokumentuak bidaltzea. Zenbat eta herritar gehiago, orduan eta enpresa gehiago, eta enpresa gehiago dauden heinean herritar gehiago gerturatuko da.

EAEtik kanpora jauzi egiteko grina al du Metapostak jaiotzez?

Kontuan izan behar da orain arte dauden erabiltzaileen artean estatuan lan egiten duten asko daudela: Eroski, Iberdrola, BBK... Metapostaren helburuen artean eragin eremua hedatzeko asmoa ere badago; harremanak ditugu enpresa, elkarte eta instituzioekin. Beste erkidego batzuetako gobernuek begi onez ikusten dute proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.