EAB Euskararen Aholku Batzordearen Euskararen Geroratzearen Jarraipenerako Batzorde-atalak helduen euskalduntze-alfabetatzea aztertu du. 2003an egin zituen azterketa eta hausnarketa. Atzo aurkeztu zuen, ordea, emaitzak biltzen dituen txostena: Euskalduntze-alfabetatzearen etorkizunerako oinarriak, eraginkortasunari eta kalitatea hobetzeari begira. Bertan, sektorearen diagnostikotik abiatuta, hainbat aholku eta proposamen egin dituzte aurrera begira, «eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko».
EABk azpimarratu duenez, urteotan helduen euskalduntze-alfabetatzean lortutako emaitzak ez dira nahi bezain onak, bi arrazoi nagusigatik batez ere: alde batetik, oso ikasle gutxik lortzen dutelako euskara maila egokia; bestetik, ikasleetako askok galdu egiten dutelako ikasitakoa.Sektoreari buruz egin duen diagnostikoan EABk dio azken bospasei urteetan helduen euskalduntze-alfabetatzearen jarduera «beherantz» doala. Bere esanetan, bost arrazoi nagusigatik: euskalduntzen eraginkorrenak diren B eta D ereduen goranzko joera; langabezia tasaren jaitsiera; euskaltegietako ikasleen batez besteko adinaren igoera nabarmena; ikasteko prozesuaren luzera, eta ikasleen begietara euskara ikastea zailegia delako irudia.Egoerari irtenbideak bilatzearren, EABk hainbat irizpide eta neurri proposatu ditu. Hona hemen garrantzitsuenak:
-Ikasleei egokitutako eskaintza: Euskararen Aholku Batzordeak azpimarratu duenez, «datozen urteetan arreta berezia jarri beharko da ikasleen beharretara egokitutako prestakuntza sustatzen». Bere esanetan,helduen euskalduntze-alfabetatzea norbanakoaren borondatezko jarduna izatetik talde eta kolektibo jakinetara hedatzen ari da. Horregatik, «talde horiek egoki identifikatzea izango da datozen urteotako erronketako bat», txostenak dioenez. Talde horretan sartu ditu Administrazioko langileak (Osakidetzakoak eta Justiziakoak), ostalaritzakoak, gurasoak, finantza alorrekoak, etorkinak...
-trinkotasuna eta birmatrikula: Euskararen Aholku Batzordeak ikastaldiak trinkotzea gomendatzen du: «Ikastaldien gutxieneko trinkotasuna ziurtatu eta trinkotasunik handieneko ikastaldiak sustatu behar dira; izan ere, trinkotasun gutxiko ikastaldietan jarduteak ikas-prozesua nabarmen lutzatzen du, eta ikas-prozesua bertan behera uzteko arriskua handitzen». Bide horretan, «aurretiaz ikaslearekin» xede mugatuak eta helburu zehatzak finkatu behar direla dio, «ikas-prozesua hasten duenerako argi izan dezan bai ikasleak bai irakasleak zein denboratan eta zer-nolako ahaleginarekin lortuko duen hitzartutako ikas-helburua». Betiere, «ikaslearen ingurunea kontuan izanda».
EABren esanetan, ahalegin berezia egin beharko litzateke ikasleak euskara ikasten jarraitzeak era guztietako abantailak baita ekonomikoak ere dituela ikus dezan: «Funtsean, aurretiaz ikaslearekin hitzartutako ikas-mailetara iristea sustatu behar da, horretarako laguntza ekonomikoa eta aitortza bideratuz».Gelatik kanpo ikaslearekin loturak sortzea ere proposatzen du: tutoretzak, on-line laguntzak, ikasle izan direnekin harremanari eustea,ikasleentzako hitzaldiak...
-AITORTZA-SISTEMA EGITURATZEA: EABk dio ikas-mailen aitortza jarri behar dela martxan, irakasleekin elkarlanean eta kanpo-ebaluazioaz baliatuz, «ikasleek behar duten errekonozimendua izan dezaten maila sozialean, ekonomikoan eta ofizialean». EABkhelburu «lorgarriak» zehaztea eta horiek ongi finkatzea proposatu du. «Euskaltegietako jardunarekiko lotura bermatu behar da», gehitu du, «helburuak bete dituzten ikasleak azterketetara bideratzeko». Jadanik badira indarrean aitortza-sistemak (hezkuntzan, Administrazioan, Osakidetzan...) eta, horregatik, EABk horien guztien arteko sistema eraginkorra osatzea proposatu du.
-BALIABIDEAK ETA AZPIEGITURAK: EABren iritziz, gero eta pisu handiagoa eman behar zaie ikaslearen emaitzetan oinarritutako diru laguntzei: «Ahalik eta eperik laburrenean hizketarako gai diren euskaldunak lortzea izanik helduen euskalduntze-alfabetatzearen xedea, onuradun nagusia ikaslea izatera jo beharko genuke».
Materialari dagokionez, talde eta behar berezietarako ikas-material egokituak egiten jarraitzeaeta lan-lerro hori indartzea proposatu du EABk.
-ERABILERAREN SUSTAPENA: Helduen euskalduntze-alfabetatzearen eta euskararen erabileraren arteko zubiak eraiki behar direla azpimarratu du EABk, «ikas-prozesua hobetzeko eta eraginkortasuna eta praktikotasuna bermatzeko». «Izan ere», gehitu du EABk, «ikasten ari den bitartean ikasleak aurrera egiten badu ere , atzera egin dezake hizkuntza erabiltzeko aukerarik ez badu».
Txostenaren aurkezpenean Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kulturua sailburuak azpimarratu zuenez, «orain guztioi dagokigu neurri hauek guztiak hezurmamitzea». Euskaltegi pribatuek eta Eusko Jaurlaritzak lehendik ere osatua dute bitariko batzordea, sektorearen egoera eta etorkizuna aztertzeko eta bideratzeko. Azkarataren esanetan, txostenean azaltzen diren hainbat proposamen zehaztuagoak izango dira uda ingururako.
Eraginkortasuna hobetzeko neurriak proposatu ditu EABk
Diagnostikoa eta etorkizunerako proposamenak egin ditu Euskararen Aholku Batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu