Nafarroan abortua egiteko eskubidea ukatzeko aitzakiak bukatu zaizkio Nafarroako Gobernuari. Horixe uste dute Nafarroa Baiko parlamentariek. «Abortuaren Legea betetzeko kontzientzia eragozpena arautu behar zela erran zuen, azkenekoz, Osasun kontseilari Maria Kutzek, baina Nafarroako Kontseiluak argitu du hori ez dela egia, kontzientzia eragozpena legez arautzea ez dela erabat beharrezkoa», erran du NaBaiko parlamentari Asun Fernandez de Garaialdek.
Nafarroako Parlamentuak eskatuta egin du txostena Nafarroako Kontseiluak, eta herenegun jaso zuten NaBaiko parlamentariek. Bi ondorio nabarmentzen ditu Nafarroako Kontseiluak txosten horretan, NaBaik egindako galderen harira: batetik, Nafarroako Abortuaren Legea betetzeko ez dela erabat beharrezkoa kontzientzia eragozpenaren auzia legez arautzea; eta, bestetik, kontzientzia eragozleen erregistroa egiteko beharrik ez dela.«Hau da, kontzientzia eragozle izan nahi dutenek, legeak jaso bezala, asmo hori aldez aurretikidatziz adierazi bertzerik ez dutela egin behar», azaldu du Fernandez de Garaialdek. Nafarroako Kontseiluak berak argitu zuen bertze txosten batean, maiatzean, modu horretan kontzientzia eragozleen eskubideak ez direla urratzen.
Atzean, ideologia
Nafarroako Kontseiluaren azken ebazpenaren harira, NaBaiko kideek argi dute UPNren ideologia dagoela Nafarroan aborturik ez egiteko Nafarroako Gobernuaren erabakiaren atzean. «Eta hori ezin dugu onartu. Gobernuak ezin du hori egin. Ezin du Nafarroako emakumeak baztertzen jarraitu. Legea bete behar du».
Espainiako Gobernuak, halaber, Nafarroan legea betetzen dela bermatu beharko lukeela nabarmendu du Fernandez de Garaialdek. «Ez du horrelakorik egiten, ordea, eta, ondorioz, Nafarroako emakumeen eskubideak urratzen dira, osasun zerbitzuetan arta ditzaten duten eskubidea ez da betetzen».
PSNri so egin dio, bertzalde, NaBaik. Izan ere, kontzientzia eragozpena arautzeko asmoz, eragozleen erregistroa egiteko lege proposamen bat aurkeztu berri du Nafarroako Parlamentuan.Nafarroako Kontseiluak halako erregistrorik ez dela behar ebatzi duenez, proposamen hori bertan behera uzteko eskatu die sozialista nafarrei NaBaiko parlamentari Maria Luisa Mangadok.
Abortuaren auzia tresna politiko gisa ez erabiltzeko eskatu du, halaber, Mangadok, «gure gorputzari buruz erabakitzeko emakumeon eskubidea hagitz garrantzitsua baita». Eta Fernandez de Garaialdek gogoratu du Nafarroan legea betetzeko bertze deus ez dela behar. «UPNren inposizioaren ondorio» baino ez dela egun aborturik ez egitea.
Eragozle diren sendagileen erregistrorik ez da behar
UPNk dioenaren aurka, Nafarroako Kontseiluak dio ez dela beharrezkoa kontzientzia eragozpena arautzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu