Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 50 urte baino gehiago dituzten etxebizitzek EIT Eraikinen Ikuskapen Teknikoa pasatu behar dute. Horretarako, joan den ekainaren 27a zuten muga. 73.429 dira, eta horietatik 15.054k egin dute ikuskapena eta erregistratu dute EuskoRegite erregistroan. Hau da, solik %20k. Etxejabeek egin behar dute ikuskapena, eta ondoren udalek erregistratu behar dute. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuaren esanetan, gehiago izan daitezke ikuskapena egin dutenak, baina udalek erregistratu gabe dituzte. "Udal txikientzat lan karga handia da". Hori arintzeko, Etxebizitza Sailak eta Eudelek akordioa sinatu dute. Udalek laguntza teknikoa eta prestakuntza jasoko dute. Akordioak 460.000 euroko aurrekontua izango du, eta lau urteko iraupena. Goizean sinatu dute.
Ikuskapena egitea derrigorrezkoa da EAEko Etxebizitza Legearen arabera. Baina ez egiteak ez dakar isunik. Hala ere, Arriolak egitearen garrantziaz ohartarazi du: "Bizi direnen eta ingurutik igarotzen direnen segurtasuna dago jokoan. Hasieran gastu berri bat dela pentsatu arren, hobe da arazoak sasoiz konpondu. Azkenean, merkeago ateratzen da".