Egun eraikuntzan sortzen den zaborraren %38 soilik berrerabiltzen dira, eta ehuneko hori %70ra igo nahi du Jaurlaritzak. Horretarako, eraikuntza eta eraispenen hondakinak kudeatzeko errege dekretuaren ziriborroa aurkeztu zuen atzo Gasteizen. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak landutako proiektuaren helburua hondakinen prebentzioa, berrerabilpena, birziklapena eta beste balorizazio moduak sustatzea da.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren arabera, urtean 1.300.000 tona hondakin sortzen da eraikuntza eta eraispenetan, eta horietatik 460.000 tonak landa eremuetan edo legez kanpoko zabortegietan amaitzen dute. Horiek garbitzeak, gainera, 6,9 milioi euro inguruko gastua eragiten du urtero.
Urte amaieran indarrean sartuko den legearen bidez, zaborren kudeaketa arautuko da, eta eraikuntzako hondakinen gaineko erantzukizuna dutenek bete beharreko baldintzak ere zehaztuko dira. Besteak beste, hondakinen gestioa nolakoa izango den azaldu beharko du eraikuntzaren arduradunak, eta dokumentu hori proiektuan sartu. Horrekin batera, tokian tokiko udalak obrak egiteko baimena eman dezan, berme bat jarri beharko du eraikuntza enpresak.
Ondoren, hondakinen kudeaketa egokia egin dela ziurtatutakoan, bermea itzuliko da. Aldiz, hura behar bezala egin ez bada, udalak berme hori herriko ingurumen baldintzak hobetzeko erabiliko du. Era berean, bermearen balioa kalkulatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak baliabide informatikoak jarriko ditu udalen eskura.
Gaur egun, eraikuntzako eta eraispenetako hondakinak tratatzeko bi planta daude Bizkaian eta bat Araban. Juan Ignacio Escala Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitateko zuzendariaren arabera, baina, jendeak nahiago du zaborra edozein lekutan utzi garbiguneetara eraman baino. «Dekretuak ez du zigorrak jartzeko ahalmenik izango, baina ikusi beharko da ze arautegi ezartzen den; baliteke isunak beharrezko izatea, landa eremuak zabortegi bilaka ez daitezen».
Europatik urrun
2009ko datuen arabera, eraikuntza hondakinen %38 bakarrik berrerabili ziren soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroako zaborren %95ek zakartegietan amaitu zuten. Europako 2008ko zuzentarauak, berriz, 2020rako berrerabilpena %70ekoa izateko helburua du. Eraikuntza eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko lege berriarekin, gainera, 1,7 milioi euro aurreztuko ditu Jaurlaritzak.
Eraikuntzan sortutako hondakinen %70 berrerabili nahi ditu Jaurlaritzak
Jaurlaritzak hondakinak kudeatzeko dekretuaren zirriborroa aurkeztu du; urte amaieran indarrean sartuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu