IrisarriZain kolektiboak agerraldia egin du goizean, Irisarrin (Baxenabarre), herriko lur batzuen bilakaerari buruzko kezka agertzeko. Izan ere, Herriko Etxeak GAE gerora antolatzeko eremu gisa izendatu ditu bi lur eremu, horien artean 12,5 hektareako laborantza lur bat, Euskal Hirigune Elkargoarekin, ScoTekin eta Lurraren Tokiko Erakunde Publikoarekin adosturik. Horren eraginez, ordea, IrisarriZainek dio prezioarekin espekulatu dutela: «Tratu bat bidean dute jada Lurraren erakundeak 159.000 euroan negoziatu bi hektareatan (79.500 euro). Tokiko laborantza lurraren prezioari konparatuz 10 aldiz karioago da, hots!».
Hala, erakunde publikoei lur horiek GAE ez izendatzea galdetu diete, eta abian den tratua bertan behera uzteko. «GAE tresnak ahalbidetu du espekulazioa; alta, lur funtsen erregulatzeko tresna izan behar luke. Hemen, laborantxa lurretan erabiltzea zentzugabekeria da», salatu dute. Gainera, laborantza lur horiek GAE izendatuz gero, SAFER laborantza lurren kudeatzeko egiturak ez du gehiago esku hartzerik lur horien bilakaerari begira.
IrisarriZain kolektiboak, bestalde, jakinarazi du lur horiek GAE gisa izendatuz gero eraikigarriak bilakatuko direla. Alta, kolektiboak esplikatu du usu gertatzen dela ura gainezkatzea leku horretan. «Eremu horren behereko aldean zortzi hektarearen betoiztatzeak ez du ez buru ez buztan. Ur gaindikatzeetan sekulako desmasiak ekarriko ditu».
Kolektiboak ELBren eta Lurzaindiaren babesa ukan du, eta prest agertu dira eragile publikoekin mintzatzeko, aterabideak atzemate aldera.