Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrak eginiko bilera guztietako aktak eskatuko dizkio Maria Paz Benito Iruñeko 3. Instrukzio auzitegiko epaileak kutxako zuzendaritzari. Horrela, epaileak aintzat hartu du Kontuz kutxako bezeroen eta erabiltzaileen plataformak eginiko eskaera.
Plataformak berak jakinarazi duenez, gaur goizean eskatu ditu batzorde iraunkorrak eginiko bilkuren jatorrizko aktak. Kontuz-ek hala egiteko eskatu zion, argitzeko ea akta horiek soilik dietak justifikatzeko egin ote zituzten. Erakunde Sortzaileen Batzordean UPNko eta PSNko politikariak biltzen ziren, eta eguneko 5.151 euro irabaztera heldu ziren.
Alberto Pascual kutxako idazkari ohiak epaileari adierazi zionez, "eduki bereko" bilera bat baino gehiago antolatzeko agindu zion Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak, eta epaileak horren harira ikertuko ditu aktak.
Kontuz-ek ohartarazi duenez, akta horiek ez baziren bileren egunean idatzi agiri faltsutze bat egin zuten kutxako arduradunek.