Ustezko bi etakide atxilotu zituen Frantziako Poliziak, atzo. Espainiako berri agentziek jakinarazi dutenez, La Nievre departamenduko hiriburu Nevers inguruko errepide batean atxilotu zituzten, 17:30 aldera, kontrol batean. Iturri horien arabera, gutxienez pistola bat zeukaten. Polizia iturriak aipatuz, agentziek diote atxilotuetako bat Andoni Lariz Bustindui dela —Ziortza-Bolibarkoa da—. Gaur, Eitb.com atariak eman du bestearen izena: Urtzi Etxeberria Aierdi —Donostiakoa da—.
Gertatutakoaren inguruan informazio nahasia dago. Iturri batzuen arabera, ustezko etakideek ihesari eman zioten kontrolean gelditzeko agindu zietenean. Harrapatu egin zituzten, eta biek ETAko kide zirela esan zuten. Beste iturri batzuen arabera, ordea, ez zioten ihesari eman, eta bien artean gazteleraz ari zirelako ondorioztatu zuen Poliziak ETAko kideak direla.
Frantziako Barne ministro Manuel Vallsek kargua hartu orduko ohartarazi zuen ez zuela etsiko ETAko kideak atxilotu arte. Aurtengo aurreneko atxilotuak dira, eta iaz hemeretzi lagun atxilotu zituzten.
Espainiako Auzitegi Nazionalak, berriz, Kristina Goirizelaia espetxeratzeko agindu zuen atzo. Frantziak herenegun utzi zuen Espainiaren esku, denbora baterako, eta gaur eraman dute epailearen aurrera. ETAko kide izatea leporatzen diote.