Osasunbidea

"Erakundeak erabateko eraldaketa behar du"

Osasunbideko zuzendari kudeatzaile ohi Juan Jose Rubio parlamentuan izan da, eta lan egiteko izan dituen zailtasunen berri eman die taldeei.

Juan Jose Rubio, Nafarroako Parlamentuan eginiko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2014ko irailaren 30a
07:44
Entzun

Bere dimisioaren bidez, Osasunbidean dauden "egiturazko arazoak" agerian utzi nahi izan ditu Juan Jose Rubio zuzendari kudeatzaile ohiak, eta asmo horretan bertze urrats bat egin du gaur: Osasun Batzordeko kideen aurrera agertu da, Nafarroako Parlamentuan, azalpenak ematera. Argi utzi du Berak izendatu zuenean Nafarroako Osasun Zerbitzua "ongi" ezagutzen zuela. "Proiektuekin ados nintzen". Arazoa, azaldu duenez, lan egiteko modua izan da: salatu du Osasunbideko zuzendarien zurruntasuna. "Ospitaleetara joan nahi nuen, profesionalekin hitz egitera, eta ez zuten ongi ikusten; oinarrizko arretako osasun etxeetara joan nahi nuen, eta ez zuten ontzat jotzen; sindikatuekin eta gizarte taldeekin hitz egin nahi nuen nik, baina haiek ez zuten beharrekotzat jotzen".

Kudeatzailearen erabakitzeko "eskumen falta" salatu du Rubiok, eta Osasunbideko gobernu batzordeak "deustarako" balio ez izatea, erakunde horretako organo nagusia izan arren. "Ez dago gardentasunik", berretsi du. "Ez dakigu nork eta zer erabakintzen duen". Egoera horrek Osasunbidea "erakunde gaixo" bilakatzen duela nabarmendu du kudeatzaile ohiak. "Sistema berregin beharra dago, baliabideak modu eraginkorrago batean erabili; eta, batez ere, benetako boterea eman behar zaio gobernu batzordeari". Salatu du, gainera, osasun zerbitzuak erabiltzeko arazoak daudela: "Itxaron zerrendak dira horren adierazle". Ez hori bakarrik. Parekotasunik ez dagoela gainera du: "Herritar guztiek ez dituzte aukera berdinak osasun zerbitzuetan artatzeko orduan".

Rubiok onartu du hasieratik izan dituela arazoak zuzendaritza taldeko kide gehienekin. "Nik argi nuen nire lana zela egunerokoari aurre egitea, batetik, eta bertzetik, sistema eraldatzeko urratsak egitea. Hori ezinezkoa dela konturatu naizenean erabaki dut alde egitea". Rubiok gogoratu du ekainean bulegotik ez ateratzeko agindu ziola Marta Bera kontseilariak. Departamentuak hartutako hainbat erabaki ezbaian jarri ditu, eta dagoen dirua "hobeki" erabiltzen ahal dela gaineratu du: "Dirua zegoenean hainbat eraikin egin ziren, baina ez dira horietako anitz behar bezala hornitu. Aldi berean, gaixoak erosoago egoteko urratsik ez da egin, eta hainbat tokitan, dutxarik ez dute, oraindik ere, geletan".

Taldeek eskertu dituzte Rubioren azalpenak. Marta Bera kontseilariaren ardura mahai gainean jarri dute gehienek. "Berak porrot egin du", erran du PSNko Samuel Carok. Bilduko Bakartxo Ruizek ere "hagitz larritzat" jo du egoera. "Hiru urtean hiru kudeatzaile izatea larria da, baina are larriagoa karguan dagoen pertsonari bulegotik ateratzen ez uztea". Aralar-NaBaiko Asun Fernandez Garaialdek kudeaketa kritikatu du, eta profesionalek "parte hartzeko" aukerarik ez dutela erantsi du. Ezkerrako Marisa de Simonek ere Berak "huts egin" duela erran du. Ez da hain argi mintzatu PPNko Eva Gorri. Rubiok ez dituela bere dimisioaren arrazoiak ongi azaldu uste du. Eta Osasunbidean badela zer hobetu, edozein modutan. UPNko Antonio Perez Pradosek, berriz, Beraren kontrako "erasoak" salatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.