Zubietan egitekoak ziren TMB Tratamendu Mekaniko Biologikorako plantari ingurumen baimen bateratua ukatu izanak Gipuzkoako eragile ekologisten haserrea eragin du. Atzo egindako prentsaurreko batean gogor jo zuten EAJren aurka. "Hauteskunde onurak bilatzeko ahaleginean, guztion onerako lanean aritu behar luketen erakundeak instrumentalizatzen ari dira, hondakinen kudeaketa iraunkor baterako egina dagoen plangintza oztopatzeko".
Eguzkik, Gipuzkoa Zero Zaborrek eta Errausketaren Aurkako Plataformak ohartarazi dute administrazioaren egitekoa "herritarren arazoak konpontzea" dela eta ez "arazoak sortzea".
Jakina denez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ez zuen onartu TMB plantaren proiektuari ingurumen baimena luzatzea, hasierako proiektuan "funtsezko aldaketak" egin direla argudiatuta. "Hau beste proiektu bat da", adierazi zuen. Izan ere, errauste planta eta TMB planta bere gain hartzen zituen proiektuari baimena eman ziola gogoratu zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak errauste planta ezabatu egin baitu. "Ez zuten arazorik izan baimena eman zioten proiektuan errauste plantatik ateratako errautsak tratatzeko aurreikusten zen planta desagertu zenean, nahiz eta errauts horiek tratamendurik gabe utzi", ohartarazi dute hiru taldeek.
Ekologistek ohartarazi dute "erakundeen erabilera alderdikoiak interes orokorrean kalteak" eragin ditzakeela. Eta beldur azaldu dira ez ote den hein bereko erabaki gehiagorik etorriko laster batean, modu "programatu" batean. Ekologistek goraipatu dituzte Gipuzkoako hondakinen politikan izandako aldaketa eta "zero zabor eredua eraikitzeko bidean egindako urrats ausartak". Ildo horretan, dei egin diete herritar, eragile eta erakundeei norabide horretan pausoak ematen jarraitzeko, "iraganeko eredu kutsagarriak" atzean utzita.
Bestalde, EAJk hondakinen azpiegituren lurralde plan sektorialari (PTS) helegitea jarriko diola jakinarazi du, "lege iruzur" bat dela argudiatuta. Plan horrek jasotzen ditu, besteak beste, Zubietako TMB planta eta Zestoako Osinbeltzeko hondakin geldoen biltegia.