Hondakinen tratamenduaren eztabaida pil-pilean da azkenaldian. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralak (2002-2016), beste tratamenduen artean, erraustea jasotzen du. Horren harira, herrialde horretan Foru Aldundiak eta bertako zortzi mankomunitateek bi errauste planta eraikitzea erabaki dute: bata Gaintxurizketan (Hondarribia) egingo dute 2006rako, eta Irun, Hondarribia eta Hendaiarentzat izango da; eta bestea Aritzetan (Donostia) eraikiko dute, gainontzeko herrientzat, 2009rako.
Proiektuok hautsak harrotu dituzte herritarren artean, eta Aldundiaren eta mankomunitateen asmoen kontra herritar ugari mobilizatzen ari da. Horren lekuko herrietan errauste planten aurka sortu diren herri plataformen koordinadorak deitutako manifestazioak, sinadura bilketak eta bestelako hamaika ekimen. Koordinadoraren esanetan, errauste plantak herritarren osasunarentzat eta ingurumenarentzat «oso arriskutsuak» dira, eta erraustea ez den beste alternatibak badaudela diote.Errauste plantez gain, planak birziklatzeko, konpostatzeko eta hondakinak biltzeko azpiegiturak ere jasotzen ditu. Planaren arabera, 2016an 541.996 tona hiri hondakin sortuko dira Gipuzkoan (iaz 476.690 tona sortu ziren). Horietako %37 birziklatu egingo direla aurreikusten du planak (egungo birziklatze tasaren bikoitza), %4 konpostatu, eta gainerakoa erre egingo da. Oraingoz behintzat, zaborra tratatzeko bestelako azpiegiturak abian jarri aurretik, zaborra zabortegietara botatzen jarraituko da: zaborraren %80 baino gehiago. Ez denbora luzerako, ordea; izan ere, zabortegien erabilgarritasun epeak amaitzear baitaude. Esaterako, 2006tik aurrera, eta errauste planta eraiki arte, San Markos mankomunitateak (Gipuzkoako herritarren erdiak) ez du zaborra nora eraman. Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu Luis Maria Oiarbidek adierazi zuenez, hiru alternatiba ari dira aztertzen: San Markosko zaborrak herrialdeko gaineko zabortegietara eramatea; San Markos inguruan behin-behineko zabortegi bat jartzea edota zaborra Bizkaiko, Arabako edo Nafarroako zabortegietara edota errauste plantara eramatea.
HONDAKINEN KUDEAKETA. ERRAUSTE PLANTAK. GIPUZKOA
Erakundeek erraustea hobetsi, eta bi errauste planta eraikiko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu