Alderdi politikoek atsekabea adierazi dute David Beriain eta Roberto Fraile kazetari euskal herritarren heriotzaren berri izan orduko. Biak dokumental bat grabatzen ari ziren Burkina Fason, identifikatu gabeko talde armatu batek eraso eta bahitu zituenean, atzo; hilik aurkitu dituzte gaur. Alderdi guztiek dolumin eta saminezko mezuak zabaldu dituzte sare sozialen bidez: Ahal Dugu, Ciudadanos, EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, Navarra Suma, PP, PSN eta UPN alderdiek, besteak beste.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «gaitzespen irmoa» adierazi du Twitterren, eta elkartasuna erakutsi die kazetarien familiei. Antzeko mezu bat zabaldu du Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ere.
Txio batean, Ahal Duguk-k esan du «estatuek prentsa askatasuna, informaziorako eskubidea eta berriemaileen segurtasuna» bermatu behar dituztela.
Ana Beltran Nafarroako PPko presidenteak adierazi du Beriain «erreferente bat» zela Nafarroako kazetaritzarentzat, eta Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak ere Beriain izan du gogoan txio batean.
Con consternación recibimos la noticia del asesinato en Burkina Faso del periodista navarro @DavidBeriain y su compañero Roberto Fraile.
— Javier Remírez (@javierremirez) April 27, 2021
El pésame a familia, amig@s y compañer@s ð;ÂÂÂÂ;ŸÂÂÂÂÂÂŒ¹
Estremece leer hoy esta entrevista de @NavarraCapital de hace un año.https://t.co/QfRBZZ5G4Zpic.twitter.com/AZPt5Mu0Sd
Ainhoa Aznarez Ahal Dugu-ko parlamentariak esan du «bizitza arriskuan jarrita ere beti egiaren bila ari zen kazetari ausarta» zela Beriain.
«Albisterik okerrena baieztatu da», adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Twitterren. «Gure esker ona haien moduan egunero gatazka eremuetan kazetaritza ausart eta beharrezkoa egiten dutenei».
Europako Batasunak ere gaitzetsi ditu hilketak. Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak Twitterren zabaldu du mezua: «Burkina Fason kazetariak hilda, terroristek beren koldarkeria eta benetako gaizkile aurpegia erakutsi dute: adierazpen eta hitz askatasun oro suntsitzen duen obskurantismoaren babesleak dira».
En assassinant des journalistes au #BurkinaFaso, les terroristes ont montré une fois de plus leur lâcheté et vrai visage criminel: celui de défenseurs d’un obscurantisme qui annihile toute liberté d’expression et parole.
— Josep Borrell Fontelles (@JosepBorrellF) April 27, 2021
Notre pleine solidarité aux familles endeuillées. #AUEU
Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak ere samina adierazi du hilketengatik: «Gaurkoa egun beltza da duintzen zuten lanbidearentzat». Bi kazetariak «miretsiak eta maiteak» zituztela adierazi dute. «Harro gaude haiek errealitate zail eta ahaztuekiko izan duten konpromisoagatik».
Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak agiri bat atera dute. «Lanean hil dira, luma eta kamera eskuan, isileko ehizaren mundu ilunaz informatzen ari zirela». Kazetariek jasaten duten indarkeria deitoratu dute. «Gisa honetako albisteak iristen zaizkigunean, informatzeak duen arriskuaz egiten dugu gogoeta. Litekeena da talde jihadistekin topo egin dutelako hil izana, edo isileko ehiza salatzen ari zirelako; bi aukerek arrazoi ekonomiko indartsuak dituzte atzean, eta horiek lotura zuzena dute gure lankideak hil izanarekin». Erantzuleak «lobby boteretsuren bateko» kideak izateak arriskua areagotzen duela adierazi dute, baina are indar handiagoa ematen diola haiek defendatzen dutenari: ez dagoela askatasunik kazetaritzarik gabe.
Kazetarien Nazioarteko Federazioak hilketa ikertzeko eskatu du. «Beste behin, gertaera lazgarri honek erakusten du zer-nolako arriskuari egiten dioten aurre interes orokorrerako informazioa biltzen duten langileek», adierazi du Anthony Bellanger idazkari nagusiak.
Mezu horiek baino laburragoa izan da Mikel Aiestaran kazetariarena, baina ezin adierazkorragoa: «Zer egun eskasa».
Mierda de día
— mikel ayestaran (@mikelayestaran) April 27, 2021