Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformak salatu du erakunde publikoek ez dutela konpromisorik agertu azken egunotan Bilbora iritsi diren errefuxiatuei harrera eskaintzeko. Adierazi dutenez, errefuxiatuak "babesgabe" daude, erakundeen eta, bereziki, Bilboko Udalaren erantzun faltaren ondorioz. OEEren esanetan, erakundeek hartutako neurriak ez dira errefuxiatuei harrera duin bat eskaini nahi dien hiri baten mailakoak.
OEEk ohartarazi du GKEak gaindituta daudela, eta Bilboko eta ingurutako herritar boluntarioen ekarpenari esker dela posible orain arteko erantzuna. Hala ere, hainbat errefuxiatuk oinarrizko beharrak ase gabe eta kalean lo egin beharrean daudela nabarmendu dute, Bilboko Udala ez delako inondik ageri.
Erakunde publikoen "asmo oneko diskurtsoa" ez dator bat ondoren errefuxiatuen harrerarako emandako erantzunarekin, OEEren esanetan. Plataformak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak harrera plan bat egiteko konpromisoa hartu zuela 2017ko apirilean, baina oraindik ez duela halakorik aurkeztu. Juan Mari Aburto alkateak joan den astean eginiko adierazpenak ere ekarri ditu gogora. Aburtok esan zuen Bilbo prest zegoela hirira iritsiko ziren errefuxiatuak hartzeko.
OEEk ziurtatu du ez dela horretarako neurri nahikorik hartu, beharrak nabarmen handitu diren arren. Azaldu duenez, Concha kaleko aterpean 40 lagun hartzeko tokia gorde zaie, baina neurria motz gelditu da. Aterpean lo egiteko tokia eta gosaria besterik ez zaiela eskaintzen ohartarazi du, eta erantzunak "integrala" behar duela nabarmendu, errefuxiatuek bidaia luzea egin dutela eta kasu ia guztietan "gogorra eta traumatikoa" izan dela argudiatuta.
Plataformaren esanetan, Bilboko Udalari dagokio egoera kudeatzea, Bizkaiko Aldundiarekin eta beste erakunde publiko batzuekin elkarlanean. OEEk gaineratu du errefuxiatuei harrera egoki bat emateak hiriari berari ere lagunduko diola, egoera "alarma soziala" sortzeko erabilia izan ez dadin.
OEEk errefuxiatuen harrerarako baliabide gehiago eskatu dizkio udalari. Berehalako harrerarako, gutxienez 100 toki galdegin dizkio aterpetan, eta neurri bereziak emakume, haur eta nerabeen arretarako. Horrez gain, hurrengo hamar egunetan bilera bat egiteko eskatu dio.
Plataformak erantzun falta salatzeko mobilizaziora deitu du gaurko eta biharko. Gaur, elkarretaratzea egiten ari dira 19:00etatik gauerdira, udaletxe parean. Bihar, toki berean elkartzera deitu dute, 10:30etik 13:00etara, elkarretaratze zaratatsua egiteko.
Instituzioen ekintzailetasun ezaren aurrean, herri antolatuak ematen dau erantzuna: #OngiEtorriErrefuxiatuak#BilboHarreraHiria#EuskalHerriaHarreraHerriapic.twitter.com/nc63S91FQK
— David #alFREEdo (@DLopategi) 2018(e)ko uztailaren 4(a)
EH Bilduk "ekintzak" eskatu ditu
Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak herritarrak zoriondu ditu, migratzaile eta errefuxiatuak hartzen ari diren moduagatik. Ordea, horren ardura administrazioarena dela nabarmendu du. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak !konpromisoa hartua duela" gogorarazi du Agirrek, baita hori "eskertu" ere, baina "ekintzak" eskatu dizkio: "Hitzak gainditu behar ditugu, eta erantzun arinak eman, gaur egun erakundeek eskaintzen dituztenak ez direlako nahikoak".
Bilbon "migratzaile eta errefuxiatuentzat aterpetxe bat" atontzeko eskatu du Jasone Agirrek, migratzaileak "kale gorrian" gera ez daitezen. "Premiazkoa da Bilbon aterpetxe hori, baina arretarako sare egoki bat behar da Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan: sare egokia eta iraunkorra".
Horrez gain, Migratzaile eta Aniztasunerako Zuzendaritza bat sortzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Zuzendaritza horrek aukera emango luke "hobeto koordinatzeko" sail eta erakundeen arteko lana. "Ez dugu ukatzen borondaterik ez dagoenik, baina erantzun arin eta egokia emateko gaitasun falta ere antzeman ditugu".