EUSKARA

Erakundeetan euskaraz normal aritzeko lege bat nahi du Gipuzkoako Diputazioak

Kontratazio publikoetako hizkuntz irizpideen aferan Eusko Jaurlaritzaren "iniziatibarik eza" kezkagarria dela uste du Zigor Etxeburuak, diputazioko Euskara zuzendariak. PSE-EEren babesa jaso du aldundiak.

Garitano eta Etxeburua. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2014ko apirilaren 16a
15:40
Entzun

Kontratazio publikoetan hizkuntz irizpideak ezartzearen inguruko egoeraren berri emateko, euskararen normalizaziorako eta erabilerarako batzordea egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Diputazioko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuaren arabera, kezkagarria da Eusko Jaurlaritzaren "iniziatibarik eza". Azaldu du hainbat alditan eskatu diotela babesa, baina trukean ez dutela egitasmorik jaso afera konpontzeko. Hartara, erakundeetan euskaraz normaltasunez aritzeko lege bat galdegin dio Jaurlaritzari. "Euskararen ofizialtasuna praktikan jartzean, ezin dugu aurrera egin. Horma bat daukagu", salatu du Etxeburuak.

EAJko kide Zorion Etxezarraga, berriz, oso kritiko mintzatu da aldundiaren kudeaketaz. Oroitarazi du Bildu agintera iritsi baino lehen EAJk ezarriak zituela kontratazioetako hizkuntz irizpideak. Etxazarragaren irudiko, diputazioaren kudeaketa "kaskarra" izan da. EAJren ekimeneko neurriak "ezkutatzea" leporatu dio Etxeburuari. "Carlos Urkijoren aurkako kexua alboratu, eta Jaurlaritzaren aurka egitea erabaki dute. Hori da Bilduren helburua. Mediatikoki zerbaitetan ari direla erakutsi nahi dute", kritikatu du.

PSE-EE, euskararen aldeko defentsan

Bestetik, PSE-EEren babesa jaso du aldundiak. Eneko Anduezaren ustez, euskararen politizazioaren beste adibide bat baino ez da gertatzen ari dena: "Euskararen normalizazioa ez da inposaketa, baina ezta ere debekua. Eta momentu honetan debeku kutsu hori atzematen dugu Espainiatik. Tristea da, galtzen ateratzen dena beti euskara baita. Euskara ez da batzuena, ez besteena. Guztiona da: gure nortasuna eta gure kultura. Hortaz, zaindu egin behar dugu". Anduezak "borondate politikoa" exijitu dio Espainiako Gobernuari, afera honetan adostasunak lortzeko.

Etxeburuaren esanetan, "adierazgarria" da Espainiako Gobernua berriz ere "oldartu" izana euskararen kontra. "Helegite, beharkizun eta informazio eske bidez, nabarmen geratzen ari da euskararen garapenaren aurkako bultzada politikoa abiatu duela". Hori dela eta, ohartarazi du legediak euskaraz jarduteko mugak dituela, eta egungoa baino marko legal "zehatzago eta eraginkorrago bat" eskatu dio Madrili. "Motz geratu da". PPko Jose Maria Murgiondok erantzun dio ezin daitekeela esan Espainiako Gobernuak euskarari "eraso" egiten dionik. "Legea betetzea da gure lehentasuna. Hartutako erabakiak ez dira inprobisazioaren fruitu, gertaera jakin batzuen ondorio baizik". Murgiondok gaineratu du hizkuntz irizpide “baztertzaileak” aplikatu nahi dituela aldundiak, eta baldintza horiek ez datozela bat indarrean den legediarekin, ezta konstituzioarekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.