Larunbatean bi urte beteko dira Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas gaztea hil zuela, eta gertatutakoa argitzeko eskaria eraman dute gaur goizean Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideek Eusko Legebiltzarreko Erakunde eta Segurtasun Batzordera. Vania Lozano eta David Antonio Gonzalezek “erantzukizun politikoak” argitzen laguntzeko eta Cabacasekin geratutakoa berriro ez gertatzeko "bermeak" ezartzeko galdegin diote ganberari. Halaber, Zugatik lelopean pasa den abenduan abiatutako sinadura kanpainan jasotako 22.000 izenpeak aurkeztu dituzte. Sinadura horien helburua bikoitza dela azaldu dute: batetik, Eusko Jaurlaritzak atzera egitea Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru nagusi izendatzeko erabakian, eta bestetik, Cabacas hil zuen polizia operatiboaren arduradun guztiak euren zereginetatik behin-behinean aldentzea.
Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideek legebiltzarkideei leporatu diete ez dutela urratsik egin Cabacasen heriotza argitzeko, eta besteak beste, erantzukizun politikoak argitzeko batzorderik zergatik ez duen eratu galdetu diete. “Isiltasun itun bat dute alderdi askok, ezer argitu ez dadin”, salatu dute. Haien ustez, heriotza baten aurrean ezer ez egitea “onartezina” da edozein estatu demokratikoan. Polizia eredua aldatzeko premia ere helarazi dute.
Cabacasen heriotza argitzea justiziaren esku dagoela erantzun dute EAJ, PSE, PP eta UPDk. Ukatu dute, halaber, isiltasun itunik dagoela. EH Bilduk, berriz, ezinbestekotzat jo du legebiltzarrak ikerketa batzordea eratzea erantzukizun politikoak argitu ahal izateko. Halaber, polizia ereduari buruzko eztabaida gizartean zabaltzea eskatu du.
'Cabacas auzia'
Erantzukizun politikoak argitzeko eskatu dio Iñigo Gogoan-ek Legebiltzarrari
Jorge Aldekoa ertzainburuaren izendapenaren aurkako 22.000 sinadura aurkeztu ditu ganberan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu