ELA Ertzaintza
ELA sindikatuak Ertzaintzan duen ordezkaritzak uste du "ez nahikoa eta okerra" dela esatea Iñigo Cabacasen heriotza "istripu bat" izan zela —hala esan zuen atzo Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak—, "zerk egin zuen huts aztertu gabe". Horregatik, eredu polizialaren azterketa sakona egiteko eskatu du ELA Ertzaintzako ordezkari Jesus Maria Larramendik.
Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, Larramendik galdegin du "zehaztasunez" jakitea zer gertatu zen Cabacas pilotakada batez jo zuten gauean. Bide judizialaz gain, auzian erantzukizun politikoak daudela nabarmendu du, "ertzainek jarduten dutelako erakutsi zaienaren, materialaren eta ezarritako eredu polizialaren arabera".
PP
Eusko Legebiltzarrean auzia berraztertzeko prest azaldu da gaur Antonio Basagoiti PPko EAEko presidentea, "erantzukizunak argitzeko". Uste du ez dela "onargarria" urtebete geroago Cabacasen heriotzaren inguruko azalpenik ez egotea. "Ez dago pertsona bat horrela eraila izateko eta inongo azalpen publikorik ez emateko eskubiderik", esan du.
Beharrezkotzat jo du erantzukizunak argitzea: "Hau geratzen bada ezer gertatu izan ez balitz bezala, nork esan dezake ez dela berriz gertatuko urtebete edo bi barru, Barakaldoren, Realaren, Alavesen edo Caja Laboralen partidatik irteterakoan?".