«Erantzukizun politikoak» eskatu dituzte Zaldibarko auziaren harira

Manifestazioa egin dute Zallan. Jaurlaritzak ardura hartu ez izana salatu dute.

Zallan gaur arratsaldean eginiko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 22a
21:29
Entzun

Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituta, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Zallan (Bizkaia), Zaldibarko zabortegiko hondamendiaren kudeaketa salatu eta «erantzukizun politikoak argitzeko» eskatzeko. Eusko Jaurlaritzari leporatu diote Verter Recycling enpresari ardura egotzi eta erantzukizuna saihestu nahi izatea: «Eusko Jaurlaritzaren utzikeriaren aurrean, erantzukizunak eskatzen jarraituko dugu».

Hamabost hilabete dira Zaldibarren hondakindegia amildu zela. Bi langile desagertu ziren hondamendian: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Sololuzeren gorpuzkiak joan den abuztuan aurkitu zituzten, eta Eusko Jaurlaritzak joan den astean iragarri zuen Beltranenak bilatzeko lanak bertan behera uztea erabaki zuela. Manifestazioan erantzukizunak eskatu eta Beltranen senitartekoei elkartasuna adierazi die.

Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu dute. Azaldu dutenez, enpresak badu «ardura zuzena» gertatutakoan, baina Jaurlaritzari zegokion enpresaren jarduera kontrolatzea, eta ez zuen «ezer» egin, 2016tik zabortegia «arrisku larrian» zegoen arren.

Zaldibar Argitu plataformak azpimarratu du zabortegiaren hondamendiak «ez zuela gertatu behar», eta eragotz zitekeen zerbait zela. Salatu dute hondakinen kudeaketaren inguruan ez dela hausnarketarik edo norabide aldaketarik egin. «Herritarrek pauso argiak eta erabakiak behar dituzte Zaldibarren gertatutakoa ez errepikatzeko. Ez dugu onartuko gure arduradun politikoek beste alde batera begiratzen jarraitzea eta hain modu arduragabean jokatzea».

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren arabera ere, «ezinbestekoa» da erantzukizun politikoak argitzea eta «azken ondorioetaraino» iristea, «jazotakoaren egia ezagutzeko, justizia egiteko eta hondamendia berriro ez errepikatzeko bermeak egoteko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.