Bilboko Udalari kontuak eskatu dizkiote, Basurtutik etorkinak kanporatzeko sarekadaren harira. Gisa horretako egoerei Poliziaren bidez aurre egitearen aurka agertu dira Bildu, SOS Arrazakeria eta ELA sindikatua. Operazioa salatzeko, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten atzo arratsean hiriburuko kaleetan.
Zerikusi zuzena izatea egotzi dio SOS Arrazakeriak Bilboko Udalari: «Errepresioaren bidez erantzun die diskriminazio larria jasaten dutenei, oinarrizko zerbitzuetarako ere sarbiderik ez daukatenei». Pertsona horiek etxebizitzarik eta osasun laguntza izateko aukerarik ez dutela nabarmendu du immigranteen aldeko taldeak. ELA sindikatuak ohartarazi du egoera bidegabean daudela, eta ez dutela deliturik egin: «Falta administratibo bat besterik da haien delitua». Bilduko zinegotzi Ana Etxartek esan du non bizi ez zeukatelako zeudela Basurtuko beilatoki zaharrean. «Ahal duten tokian bizi behar dute; utzitako eraikin batean, esaterako».
Bat etorri dira egoeraren atzean zer dagoen esateko orduan: Atzerritarren Espainiako Legea. Bilduko zinegotziak adierazi du «xenofoboa eta eskubideak murrizten dituena» dela arau hori. Sarekadaren aurka ez ezik, legearen kontra ere egin zuten atzo Bilboko kaleetan. SOS Arrazakeriak antolatuta, ehunka lagun bildu ziren martxan; besteak beste, PSE-EEren egoitzaren aurretik igaro ziren, han izatekoa baitzen Immigraziorako Espainiako idazkaria, Anna Terron. Etorkinen eskubideen aldeko aldarriekin egin zuten ibilbidea, eta legea salatu: «Etorkinen eskubideak urratu egiten ditu lege horrek; ez da bidezkoa, ezta gizakoia ere».
Legearen altzoan etorkinen aurka egitea egotzi diote Bilboko Udalari. Etorkinak «diskriminatu eta kriminalizatu» egin nahi izan ditu herriko etxeak, SOS Arrazakeriaren irudiko. Atzera egiteko eskatu dio Bilduk, eta arazoari gizarte politiken bidez egiteko aurre, hartara pertsona horiei eskubideak bermatzeko. ELAk, ordea, ohartarazi du gero eta ohikoagoak direla Poliziak etorkinen aurka egiten dituen sarekadak eta era horretako ekintzak: «Gure kaleetan, garraiobideetan, mintzatokietan eta horrelakoetan, etengabeak dira itxura fisikoagatik egiten dituzten kontrolak». Horrelako neurriak uzteko eskatu die ELAk erakundeei.
Erantzukizunak eskatu dizkiote Bilboko Udalari
Atzerritarren Legearen babesean immigranteen kontra egin izana salatu dute SOS Arrazakeriak, Bilduk eta ELAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu