EAJko EBBko presidente Iñigo Urkulluk aurreratu duenez, berriro eskatuko dio Patxi Lopez lehendakariari Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea pentsatzeko. Berez 2013an amaituko da Lopezen agintaldia, baina Urkulluk esan du arduraz jokatzeko eskatuko diola eta sozialistak agintaldia amaitzearekin ez tematzea espero duela aitortu du.
"Ez dugu onartzen Gobernuan egote hutsagatik egon nahi izatea. Itxuraz hori da PSE-EEri inporta zaiona, edo PSE-PP paktuari inporta zaiona, udal eta foru hauteskundeetatik agerian dagoen errealitatea ukatuz", adierazi du Urkulluk.
Patxi Lopezek gobernu programarik ez duela bi urte eta erdian izan salatu du EBBko presidenteak, eta orain ere ez duela azpimarratu du. Nabarmendu du, gainera, azaroa bukaeran oraindik ez dagoela lege egutegirik, eta urteko lehen sei hilabeteetan aurkeztu behar zela esan du.
"Benetako arazoa da ez dutela programarik. Egitasmo ekonomikoa izan daitekeenaren arrastorik ere ez dago, eta eztabaida etengabekoa da. Erakundeen arkitekturan PSE-EEk ez du ahaldun nagusirik. Erantzukizun kontu bat da", adierazi du. Erakundeen mapa orain eta 2009an erabat ezberdina dela azaldu du Urkulluk.