Kataluniako prozesu subiranistan pauso garrantzitsua eman dute asteon Junts Pel Si eta CUPek, Kataluniako Parlamentuan errepublika katalaneranzko urratsak ematearen aldeko mozio bat erregistratuta. Horren aurrean, Espainiako Estatuko alderdi nagusiekin biltzen ari da egunotan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, prozesu subiranistari erantzun bateratua emateko.
Asteazkenean, "[Espainiako] Konstituzioaren, batasun nazionalaren, subiranotasun nazionalaren eta espainiarren berdintasunaren defentsan" lankidetzan aritzea hitzartu zuten Rajoy eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak. Gaur, berriz, Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearekin bildu da goizean, eta beste horrenbeste egin du arratsaldean Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiarekin.
Riverak babesa azaldu dio Rajoyri "Espainiako edozein txokotan legea betearazteko". Halaber, eskatu dio egoera "argi", "eraginkortasunez" eta "oker handiagoak" sortu gabe kudea dezala.
Iglesiasek, berriz, "sezesioaren aurkako fronte bat" osatu eta bertan "bunker batean gordeta" egotea egotzi dio Rajoyri. Podemoseko buruzagiak esan du Kataluniako prozesua Espainiarentzat "erronka" bat dela, baina horretarako irtenbidea ez dela "inmobilismoa", elkarrizketa baizik.