Duela hilabete batzuk "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki zuen ETAk. Hala jakinarazi zuen atzo erakunde armatuak Erresuma Batuko BBC komunikabide kate publikora eta Gara egunkarira bidalitako bideo eta agiri banaren bidez. "ETAk jakinarazten du hilabete batzuk direla eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia hartu zuela", dio hitzez hitz, baina ez du zehaztu erabakiaren iraupena eta "su-eten" hitza ez du erabili.
Erabaki hori Euskal Herriaren "askatze borrokan" eta"prozesu demokratikoa" abiarazteko bidean kokatu du, eta ildo horretatik, "gatazkaren konponbide demokratikoaren" aldeko "konpromisoa" berretsi du. Hain justu, "prozesu demokratikoa" abiaraztea Espainiako Estatuaren borondatearen menpe jarri du: "ETA prest dago, gaur atzo bezala, Espainiako gobernuak borondatea izanez gero, prozesu demokratikoa abiarazteko beharrezkoak diren gutxiengo demokratikoak adosteko", dio.
Era berean, horren guztiaren berri nazioarteko komunitateari eman dio agertu du, eta eskaera ere egin dio komunitate horri: beren "borondate eta konpromisoari ardura historikoz" erantzuteko. Halaber, "erantzunkizunez" jokatzeko deia egin die "eragile politiko, sozial eta sindikalei", eta erantsi, "benetako konponbidea" Euskal Herriaren eskubideak "ezagutu eta bermatzean" gertatuko dela. "Prozesu demokratiko baten eszenatokira iritsi ahal izateko Herri bezala urrats sendoak ematea ezinbestekoa dela. Herriari Hitza emateko prozedura finkatzea nahitaezkoa dela. Euskal Herriaren eskubideak ezagutuak eta bermatuak izango direnean irekiko baitzaigu gatazkaren benetako konponbidearen atea", dio hitzez hitz.
ETA-ren adierazpena
"Eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki du ETAk
Atzo eman zuen horren berri BBCra eta 'Gara'-ra bidalitako bideo eta agiri banaren bidez, baina duela hilabete batzuk hartutako erabakia dela zehaztu du. Prozesu demokratikoa abiarazteko beharrezkoak diren gutxiengo demokratikoak" adostu nahi ditu Espainiako Estatuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu