Gazte bati eraso egin zioten Gasteizko festetan, eta aurpegia "nabarmen markatuta" utzi zioten. TransBolloMarika taldeak egin du salaketa, eta adierazi du eraso homofoboa izan zela gazte horren kontrakoa. Gasteizko erdialdeko kale batean gertatu zen erasoa. Areago, taldearen arabera, eraso hori gertatu zen eremuan "etengabe" jasaten dituzte irainak. Ohartarazi du hainbat erakunderen egoitzak daudela eremu horretan. "Kamerek, poliziek eta segurtasun indarrek erabat zaindutako eremua da". Horregatik, ardura hartzeko eskatu diete erakundeei.
Erasoa salatzeko, protesta egingo dute bihar Gasteizen: 20:00etan bilduko dira Andre Maria Zuriaren plazan. TransBolloMarika taldeak salatu du udan lau eraso homofoboren berri izan duela. Horrelakoak salatzeko eskatu du. "Horretarako, sare honek zabalik ditu bere ateak, laguntza edo aholkularitza emateko behar duen edonori".