Sexu aniztasuna

Eraso homofoboa salatu dute Iruñean, Sanduzelai auzoko festetan

Iruñeko Udalak gaitzetsi egin du erasoa, eta babesa adierazi die biktimei eta inoiz haien sexu joerarengatik "jazarriak sentitu diren guztiei". Elkarretaratzera deitu dute, 20:00etarako.

2018ko apirilaren 21a
07:47
Entzun

Iruñeko Sanduzelaiko jai batzordeak jakinarazi duenez, bi gizonezko gaztek eraso homofoboa salatu dute, bart gauean. Auzoko festetan "marikoiak" oihukatu dietela adierazi dute, eta elkarretaratzera deitu dute 20:00etarako.

Auzoan era horretako erasorik ez dela onartuko adierazi dute.

Horrez gain, tabernariei eskatu diete lokalak itxi ditzatela 20:00etatik 20:15era, protestarekin bat egiteko.

Iruñeko Udalak ere berehala gaitzetsi du erasoa, eta adierazpen bat onartu du Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Aranzadi  eta Ezkerraren aldeko bozekin. UPN abstenitu egin da. Adierazpen horretan, udalak "babesa" agertu die biktimei, eta inoiz haien sexu joerarengatik "jazarriak sentitu diren guztiei".

Udalak bere konpromisoa berretsi du "sexu eta genero aniztasunarekin zerikusia duten erasoak desagerrarazteko, baita LGTBI komunitatearen segurtasuna hiriko esparru guztietan hobetzeko ere".

Udalak "maskulinitate menperatzailea" ezartzen dituen "eredu heteropatriarkala" aldatzeko beharra azpimarratu du. Eredu horrek "erasotzailea babestu" eta erasoa jasan dutenak "erruduntzat" jotzen dituela ohartarazi du, "derosoak zaizkien jokabideak eta jazarpena" onartzera exijituz, "festaren edo ohituren aitzakian".

Udalak herritarrei eskatu die ez ditzatela halako gertaerak oharkabean pasatzen utzi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.