Gizartea

Eraso homofoboak salatu dituzte Gasteizen

Transbollomarika Sareak jakinarazi du azken asteetan ugaritu egin direla gay eta gizon bisexualen aurkako erasoak; halaber, gaineratu du Udaltzaingoaren jokabidea ez dela egokia izan salaketa jarri dutenekin.

Erasoak salatu dituzte Gasteizen. TRANSBOLLOMARIKA SAREA
Jon Rejado.
2017ko ekainaren 12a
19:42
Entzun

Gasteizko Transbollomarika Sareak ezagutarazi du hainbat pertsona ari direla gay eta gizon bisexualak erasotzen, azken horiek topaleku gisa erabiltzen dituzten guneetatik gertu. Azken asteetan eraso fisikoak zein hitzezkoak ugaritu direla gaineratu du sareak. Kasu batzuetan jarraitu eta jipoitu dituztela nabarmendu du.

Halaber, sareak zehaztu du Gasteizko Udaltzaingoak ez duela jokabide egokia izan, salaketa jarri duten pertsonekin. Sareak gogorarazi du garrantzitsuena dela erasoa jasan duen pertsonari arreta egokia eskaintzea, baita erasoaren larritasuna eta motibazioa jakitea ere. “Norbanako batek eraso bat pairatzen duenean, ez du zertan azaldu behar zertan ari ote zen erasotua izan den lekuan”.

Aipatu erasoak salatzeko Transbollomarika Sareak elkarretaratzerako deia egin du. Asteazkenean izango da, 19:30etan Andre Maria Zuriaren plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.