Eraso sexistak «irmo» gaitzetsi ditu Maiak sanferminen balorazioan

Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dituzte erasoak, eta beharrezko neurriak hartzeko eskatu dute

Iker Tubia.
Iruñea
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Sanferminen ondotik besten balorazioa egin du Enrique Maiak, Iruñeko alkateak. Oro har, balorazio positiboa egin du, eta bestak «normal» igaro direla esan du. Dena den, haren hitzetan, aparteko aipamena «merezi dute» sanferminetan izandako sexu erasoek. Erasoen kontra «irmoak» izateko beharra aipatu du alkateak, eta kasu horiek «erabateko gaitzespena» merezi dutela «beti». «Gure bestetan eta gure gizartean ezin dugu inolaz ere inolako indarkeria edo erasorik onartu», adierazi du. Erasoak bestetan gertatzea «larriago» egiten dituela ere gaineratu du.

Maiak bi sexu eraso aipatu ditu sanferminen balorazioan. «Joan den urtean lau izan ziren, baina bakar bat aski da udala kezkatzeko», azaldu du. Aipatu dituen bi salaketez gain, Bilgune Feministak beste bortxaketa baten berri eman du azken egunotan. Gainera, zaila dirudi Iruñeko bestetan zenbat sexu eraso gertatzen den.

Dena den, erasoen kontra udalak egiten duen lana goraipatu du Iruñeko alkateak. Emakumeentzako arreta zerbitzua aipatu du horren adierazgarri, eta prebentzio lanaz ere mintzatu da. Bestalde, Poliziak salaketak argituko dituelako uste osoa du. Bortxaketak benetan gertatu zirela frogatuz gero, Justiziak «bere indar guztia» erabili duela agertu du.

Oposizioaren erantzuna

Gainontzeko alderdiek ere gogor gaitzetsi dituzte sanferminetan izandako sexu erasoak. Berdintasunaren alde neurri gehiago hartzeko eskatu dute denek. Maiak aipatutako lana ez da aski beste alderdien irudiko. NaBaik prebentzio eta sentsibilizazio kanpainetan sakontzeko beharra dagoela nabarmendu du. PSN, berriz, «kezkaturik» azaldu da erasoekin. Horregatik, emakumeen segurtasuna bermatzeko «beharrezko neurriak» har ditzan eskatu dio udal gobernuari. Bestalde, Bilduk dio erasoak ugaritu direla, eta hartutako neurriak aztertzeko beharraz mintzatu da. Emakumeen aurkako indarkeria lehentasunezko gaia izan dadin, «parekidetasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako mahaia» osatzeko eskatu du.

Simon Santamariak udaltzainen buru izateari utziko diola zabaldu dute hedabide batzuek. Horri buruz galdetuta, berririk ez dela erantzun du Maiak. Hain zuzen ere, atzo goizean goiz, istiluak izan ziren Villabesaren entzierroko parte hartzaileen eta udaltzainen artean. Gizonezko bat atxilotu zuten istiluetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.