Larunbatean hasiko da Donostiako Aste Nagusia, eta bosgarren urtez jarraian, eraso sexistak saihesteko kanpaina jarriko du martxan Udalak. Naia Sanpedro Berdintasun zinegotziak ohartarazi duenez, jaien testuinguruan "horrelako erasoak areagotu" egiten dira, eta beraz "sentsibilizazioak eta prebentzio lanak ezinbesteko garrantzia du", baita jaietan ere.
Sanpedrok jakinarazi duenez, Aste Nagusitik kanpo ere kanpainarekin jarraitzea da asmoa: "Aste Nagusian indartzen den arren, uda osora zabaldu nahi izan dugu kanpaina, eta pixkanaka, beste data esanguratsuetara ere zabaltzea". Hala, Donostiako auzoetan egiten diren jaietan ere kanpainak presentzia izango duela jakinarazi du, jai batzordeentzat materiala eskuragarri jarri baitute, doan.
Sanpedrok jakinarazi duenez, Emagin elkartearekin eta Bilgune feministarekin elkarlanean jarritako Eraso Sexisten Aurkako Txokoari "protagonismo berezia" eman nahi dio aurten Udalak. Informazio gune horretan, berdintasunean formazioa duten hezitzaileen laguntzarekin, kontzientziazioa, prebentzioa eta informazioa uztartuko dituzte, eta tailerrak eta ekintzak ere egingo dituzte. Bi egunetan jarriko dute: abuztuaren 12an portuan jarriko dute, 16:00etatik 18:00etara, eta Bulebarrean abuztuaren 14an, 18:00etatik 21:00etara.
Horrez gain, musuzapiak eta eranskailuak banatu dituzte taberna eta txosnetan, eraso sexisten erantzukizuna jendarte osoarenak direla gogorazteko, eta toki horietan ez dutela halakorik onartuko aldarrikatzeko. Sanpedrok jakinarazi duenez, txosnetako elkarteekin elkarlanean aritu da Udaleko Berdintasun Saila: eraso sexisten errealitatea ulertu eta horren aurrean zer egin jakiteko formazio saioa egin dute. Tabernariei ere protokolo fitxa bat banatuko diete, eraso baten aurrean zer bide jarraitu jakin dezaten. Gainera, banderaxkak jarriko dituzte hiriko hainbat gunetan, eta jaiek iraun bitartean pankarta bat eskegiko dute udaletxeko balkoian Festak guztiontzako seguruak leloarekin. Hiriko autobusetan publizitate berezia jarriko dute Aste Nagusian, eraso sexisten aurkako sentsibilizazioa sustatzeko eta eraso bat pairatuz gero telefono baliagarriak zeintzuk diren jakinarazteko.