Bilboko Udalak, konpartsek eta hiriko beste hainbat eragilek "errespetuan eta berdintasunean" oinarritutako jaiak aldarrikatu dituzte gaur Bilbon, Areatzan egindako agerraldian.
Ez beti da ez leloa daraman kanpaina aurkezten izan dira Itziar Urtasun eta Oihane Agirregoitia, Bilboko Udaleko Festen eta Berdintasun zinegotziak, eta Izaskun Madariaga konpartsetako ordezkaria. Jarrera sexisten inguruan "zero tolerantzia" izateko deia egin diete herritar guztiei: "Eraso sexistei ezetz esaten diegunean, ez ditugu soilik sexu erasoak salatzen: askatasuna eta emakumearen hitza errespetatzen ez duten edozein jarrera salatzen ari gara". Gaineratu dute "ukituak, loreak ez diren loreak eta ezezko bat ez onartzea" izan daitezkeela.
Udalarekin eta konpartsekin batera, merkatari eta ostalarien sei elkartek egin dute bat kanpainarekin. 600 saltokitan eta ostalaritzarekin lotutako 241 lokaletan kartelak eta kanpainaren leloa daramaten ahozapiak jarriko dituzte. Abuztuaren 16tik 24ra egingo dute Aste Nagusia Bilbon.
Kanpainan, pilota more erraldoiak jaurtiko dituzte Arriaga plazan, txupinazoan. Gainera, Bilbobus eta Gautxori autobusek eta Euskotreneko zenbait tranbiak kanpainaren leloa duten irudiak eramango dituzte. Berrikuntza gisa, photocall bat jarriko dute hiriko hainbat tokitan. Egin keinu bardintasunari leloarekin, nahi duen guztiak argazki bat atera ahal izango du, eta egunero www.bilbao.net/geubiok webgunean zintzilikatuko dituzte.
Donostian ere, erasoen aurka
Donostian ere eraso sexistarik gabeko jaien alde egingo dute; kanpaina bat ere prestatu dute: Erantzukidetasuna erantzukizuna da. Horretan, arreta berezia jarri dute etxeko lanen eta zaintza arduren banaketan: lanak banatzeko emakumeek zein gizonezkoek duten erantzukizuna azpimarratu nahi dute.
Naiara Sampedro Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziak nabarmendu du egitekoak bikoiztu egiten direla festetan, eta oraindik zabalduta dagoela amei eta amonei laguntzeko ideia: "Ez da amaren edo amonaren egiteko bat, guztion erantzukizuna baizik. Has gaitezen etxeko lanak eta zaintzak banatzen eta elkarbanatzen, festez denok berdin eta modu aktiboan gozatzeko". Etxean lanak banatzearen alde egin du, eta salatu du oraindik banaketa ez dela "berdintasunezkoa".
Martxan jarri duten kanpainan, informazio afixak eta pultsera moreak banatuko dituzte. Autobus bat ere ibiliko da hiriko kaleetan, kanpaina txoko guztietara zabaltzeko. Abuztuaren 9tik 16ra izango dira festak.