Euskal presoei elkartasuna adierazteagatik auzibidean jarri dituzten dozena bat lagun hedabideen aurrean agertu dira, presoek zein haien senide eta lagunek jasaten duten jazarpenaren kontra herritarrei indarrak batu, presioa areagotu eta konpromisoak sendotzea eskatzeko. Bertan izan dira, besteak beste, Bilboko Aste Nagusian Txori Barroteren txosnan presoen argazkiak erakusteagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu eta absolbitu dituzten konpartsakideak, eta tabernan argazkiak izateagatik auzipetu dituzten hainbat.
Elkartasunaren beharra presoak egoteak berak eragiten duela ohartarazi dute; eta horien egoera larritzeak elkartasuna areagotzea dakarrela. Egun, euskal presoek duten egoera sekula baino gogorragoa dela azaldu dute.
Eskizofrenia, minbizia edo beste gaixotasun larri batzuk dituzten sei preso kartzelan dauzkate, etxean egoteko eskubidea duten arren; 53 presori egun batetik bestera luzatu diete zigorra, Auzitegi Goreneko doktrina ezarrita; beste horrenbeste dira espetxean 20 urtetik gora daramatenak, eta 12, 25 urteko espetxealdia gainditu dutenak. Jose Mari Sagarduik 30 urte egin ditu preso. 720 presok osatzen dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, eta horietatik hamar besterik ez daude Euskal Herriko kartzeletan. Ehunka edo milaka kilometrora dituzte gainontzekoak.
Senideen aurkako jazarpena ere areagotzen ari dela ohartarazi du AAMk. Hurkoak ikusteko milaka kilometro egiten jarraitu behar dutela azaldu dute, eta, aurten, hamar auto istripu eragin dituela horrek. Kontatu dute hainbat lekutan segitzen dutela aurrez aurreko milaka bisita galarazi dituzten «miaketa umiliagarriak», etata bisitetara doazen senideak polizien kontrolen jomuga bihurtu direla.
Presoak, berriz, «eskubiderik gabeko pertsona» gisa dituztela salatu dute; egunero urratzen zaizkiela oinarrizko eskubideak. Gainera, «sistematikoki bakartu, jipoitu, jazarri eta mehatxatzen» dituztela kontatu dute.
«Egoera honek sortzen du elkartasuna», azaldu du AAMk. «Elkartasunak injustizian du sorburua. Espetxe politika ankerraren ondorio zuzena da. Eta, elkartasunaren helburua, injustizia horiei aurre egitea da».
Baina elkartasuna ere zigortzen ari dela ohartarazi dute. Horren adibide dute, argazkien afera dela-eta auzibidean jarri dituzten herritarren egoeraz gain, Lander Fernandez gaztearena: Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru urteko espetxe zigorra ezarri berri dio, «elkartasun zozketa» bateko txartelak izateagatik. Gaur, berriz, Gernikako alkateordea eta herritar bat epaituko dituzte jaietako programan presoen aipamena egiteagatik. Halakoen kontra konpromisoak hartzera deitu du AAMk.
Erasoen kontra elkartasuna areagotzeko eskatu du AAMk
Ohartarazi du euskal presoen egoera konpontzen ez den bitartean elkartasunak ez duela etenik izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu