Bi aste falta dira Iruñeko sanferminak hasteko, eta, festetan izaten diren eraso sexistak saihesteko asmoz, bideo bat argitaratu du Iruñeko Udalak. Bertan, hainbat herritar ageri dira, mezu ugari zabaltzen.
Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez mintzatzen dira bideoan ageri direnak. "Hemen amaitzen da norbaiti eraso egitea bere sexu joera edo genero identitateagatik", dio batek, gaztelaniaz; beste batek, berriz, euskaraz: "Orain eta hemen, beldurra bukatzen da". Frantsesez, pertsona batek dio Iruñean sexu erasoek eta eraso sexistek ez dutela lekurik.
Azkenik, Joseba Asiron alkatea ageri da, eta harena da azken mezua: "Erasorik gabe, Iruñea aske".
Jaietan ere beldur barik jarrera kanpaina, abian
Bestalde, Emakundek martxan jarri du Jaietan ere beldur barik jarrera kanpaina, festetako eraso sexistak saihesteko. Udalei hainbat material banatu dizkiete, "jai giro eta eremuetan errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jarrerak bultzatzeko". Emakunderen esanetan, "jaietan ere islatu behar da berdintasunezko gizartearen aldeko lana, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizartearen aldekoa. Ez alkohola, ez jaia bera, ez dira aitzaki emakumezkoen eta gizonezkoen eta neska eta mutilen arteko harremanak berdintasunezkoak ez izateko, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzeko, edo zenbait tokitan segurtasun eza edo beldurra sentitzeko".