Espetxeari eta zaintzari buruz aritu ziren joan den urrian Lurgatz talde feministak antolaturiko mahai inguru batean; bai eta adostasun bat erdietsi ere: kartzela sistemarekiko kontrakotasunean. Ideia hori abiapuntutzat hartuta harago jo nahi izan zuten atzo egindako mahai inguruan, ordea: espetxe sistemarik nahi ez bada, zer egin, orduan, bortxatzaileekin? Eta bertzelako eraso sexual edo sexistak egiten dituzten gizonekin? Lurgatz talde feministak galdera horiek egin zizkien Villabonako Gurea antzokian (Gipuzkoa) bilduriko askotariko adituei, Espetxeak apurtu! Eta bortxatzaileak... izeneko solasaldian. Erantzunak baino galdera gehiago pilatu zituzten denen artean osaturiko bi orduko gogoetan.
Garbiñe Biurrun magistratu eta Demokraziarako Epaileak taldeko kideak abiatu zuen mintzaldia, ideia bat azpimarratuta: «Espetxearen muinean izugarrizko kontraesana dago». Lehenago azaldu zuenez, gizarteratzea baita haren berezko helburua, baina ez baita horrela gertatzen: «Pertsona bat heztea eta gizarteratzea, askatasunik gabe, ia ezinezkoa da». Bat egin zuen Larraitz Ugarte EH Bilduko komunikazio zuzendari eta ofizioz abokatuak; baina harago joan zen, justizia sistemari berari kritika eginez: «Justizia formala desastre hutsa da salaketa jartzen denetik epai bat dagoeneraino, eta epai horren exekuzioan: prozedura mingarriak eta luzeak dira denentzat, ez daude biktimari bideratuak, biktimaren eskubideak ez dira bermatzen...». Adibide bat eman zuen horren erakusgarri, abokatu lanetan duela guti egokitu zaiona: «Sexu abusuak pairatu behar izan dituen neskatxa batek laugarren aldiz esplikatu behar izan du oso adin txikiarekin zer egiten zion bere aitak». Sistema «geroz eta punitiboagoa» dela ere nabarmendu zuen Ugartek, eta eredu horren aurka mintzatu zen Libertad Frances Nafarroako Salhaketako kidea: «Espetxeak ez luke existitu beharko, ez inorentzat, ez ezein deliturentzat».
Galdera nagusia, ordea, oraindik erantzunik gabe: kartzela zigorra egokia ez bada, zer egin erasotzaileekin? Ainhoa Narbaiza eta Marta Luxan Joxemi Zumalabe fundazioko kideek herri mugimenduetatik martxan jarritako prozesuak jarri zituzten adibide, horiek kudeatzen lagundu baitiete herri mugimendu ugariri, eta ezaugarri batean jarri zuten ardatza: «Justizia eredua aldatu nahi badugu, komunitatea gehiago inplikatu behar da». Narbaizak nabarmendu zuen, ordea, ez dela bide «erraza» izaten: «Eraso bat gertatzen denean, prozesua luzea izaten da, eta desgaste handia sortzen du». Luxanek prozesu horietatik ikasi beharraren garrantzia azpimarratu zuen, eta ohartarazpen bat egin: «Bide judizialaren erdigunean ez dago emakumeen ongizatea, baina prozesu komunitarioak ere ez dira erromantizatu behar. Edozein bidetan sortuko dira minak, eta hasieratik pentsatu behar da horiek nola kudeatu». Ibilbide horiek «aukera» moduan pentsatzea proposatu zuen: «Prozesua bera eraldaketarako bide bilakatu daiteke. Kartzelak, inondik inora ere ez».
Francesek nabarmendu zuen, erraterako, kartzeletan bortxatzaile eta erasotzaileei ezartzen zaizkien programak ez direla egokiak, ezta kartzela guzietan hedatuak ere: «2017an Espainiako Espetxe Erakundeen menpe zeuden 69 kartzeletatik 29tan soilik zeuden erasotzaile sexualei bideratutako programak. Bi urtekoak dira, eta horietan sartzeko baldintzetako bat da presoa baldintzapeko askatasunetik gertu egotea. Ez dute bermatzen hasieratik egingo direla, beraz». Ohartarazi zuen, adibidez, Iruñeko kartzelan ez dagoela horrelako programarik, 2017ko Iruñeko sanferminetako bortxaketaren kasu sonatua edota Nagore Laffageren hilketa hiri horretan gertatuak izan arren. Narbaizak ere nabarmendu zuen kasu batzuetan erasotzaileei bideratzen zaizkien «terapiekiko» kezka: «Gatazkatsua izan daiteke, zeren eta, zein motatako lanketa izaten da? Nork bermatzen du feminista izango dela?».
Justizia errestauratiboaz
Francesek nabarmendu zuenez, gertatzen diren genero indarkeria kasuen %8tan soilik jartzen dira salaketak: «Beraz, praktikan, antipunitibismoa da nagusi». Kasuen %90etan baino gehiagotan zer gertatzen den arakatzea proposatu zuen. Ugartek desadostasuna erakutsi zion, ordea: «Jendeak ez badu salatzen, ez da antipunitibista delako, salatzeko bermerik ez daukalako baizik». Baietz, Francesek. Baina harago jo behar dela, halere: «zigorraren logika» aldatzera. Salhaketako kidearen hitzetan, antipunitibismoaren oinarrian delituak «gatazka sozialen ondorio» direla kontuan hartzea legoke: «Ez da sistema bat, filosofia bat baizik».
Neurri zehatzek sortu zuten eztabaida, ordea. Biurrunek azaldu zuen, erraterako, justizia errestauratiboa martxan jarri ohi dela lege urraketa «arinekin», eta mekanismo horren balioa nabarmendu zuen: «Biktimaren eta biktimarioen arteko elkarrizketak egiten dira, eta biktima askok esaten dute haiei ongi etorri zaiela». Magistratuaren hitzetan, egia, justizia eta erreparazioa abiapuntutzat hartu izana «aurrerapausoa» izan da kasu horietan. Galdera bat bota zuen, ordea: «Balio du delitu guztientzat?».
Halako bideak jarri bitartean ere, espetxe sistema bera hobetzeko «tartea» dagoela azaldu zuen Ugartek, Eusko Jaurlaritzak laster espetxe eskumena lortuko duela baliatuta: «Zigor Kodea Espainiakoa izango da, baina zigorren luzeran eta espetxe baldintzetan badago zer aldatu». Indarkeria matxista kasuetan, berriz, «eskala guztietan esku hartu» behar dela azpimarratu zuen Ugartek: Udaltzaingoan, Ertzaintzan, epaitegietan... Mugimendu feministari galdegin zion horretarako ezagutza garatu eta eskaerak egiteko: «Presio egin behar da».