Gaur goizean eratu dituzte Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundian, Ondarroako eta Mendexako herrietako Udalak kudeatzeko batzordeak, maiatzeko hauteskundeen ondoren udal horiek osatu gabe geratu zirela-eta. Ondarroan, PPren zinegotzi bakarrak baino ez zuen hartu zinegotzi kargua. Bietan EAE-ANV baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek, baina gero alderdi hori bera izan zen Ondarroan eta Mendexan alderdirik bozkatuena. Legezko bozken arabera, bietan EAJ irabazle.
9:30ean hasi den batzarrean eratu dute, hain zuzen, Ondarroako batzordea, eta geroago Mendexakoa.
Udalak kudeatzeko batzordeetan ez dute EAE-ANVren kiderik sartu, eta alderdi honetako kide eta jarraitzaileek gaur elkarretaratzea egin dute Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, "demokrazia eza" salatzeko. "Herritarren borondatea errespetatu ez" izana leporatu diete EAJri.
EAE-ANVren bost kide Aldundiaren egoitza barrura sartzen saiatu dira -haien artean Unai Urruzuno Ondarroako alkategaia eta Andoni Arriola Bizkaiko batzarkidea-, baina ez diete utzi, atea itxi dietelako. "Demokrazia eta tolerantzia aipatzen dituzte noiz-nahi, baina atea itxi digute", esan du Urruzunok. "Francoren garaietara itzuli gara, alkateak botorik gabe aukeratzen zituztenean. Orain, baina, EAJ ari da hori egiten".
Mendexako batzordean zazpi kideak EAJrenak dira, eta Ondarroakoan bederatzi EAJrenak, bat PPrena eta beste bat EBrena. Bietan, beraz, EAJren kidea da presidentea: Mendexan Pedro Agustin Juaristi eta Ondarroan Felix Aranbarri. Biak EAE-ANVrekin hitz egiteko "prest" azaldu dira.
Ondarroan PPk ere aurkeztu du bere hautagaia -German Lopez-, baina Aranbarri jeltzalea hautatu dute batzordekideek, EAJren zortzi botorekin -kide bat ez da joan ekitaldira- eta EBrenarekin. Ondarroan frankismoaz geroztik eratutako lehen Udalaren alkatea izan zen Aranbarri. Bertako batzordeko kideen artean dago Josune Ariztondo EAJren Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) idazkaria.
Iñigo Urkullu EAJren EBB bozeramailea eta Leopoldo Barreda EAEko PPren zuzendaritzakidea Aldundiko ekitaldian izan dira, besteren artean.
Argazkian, Unai Urruzuno EAE-ANVren Ondarroako alkategaia gaur, Bilbon. (Argazki Press).
Politika
Eratu dituzte Ondarroako eta Mendexako Udalak kudeatzeko batzordeak
EAE-ANVk elkarretaratzea egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, gertaera salatzeko, eta ez diete barrura sartzen utzi. "Francoren garaietara itzuli gara, alkateak botorik gabe aukeratzen zituztenean. Orain, baina, EAJ ari da hori egiten", esan du Urruzuno Ondarroako EAE-ANVren alkategaiak. Gaur goizean izan da ekitaldia, eta bi herrietan EAJren kidea da presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu