Kataluniako Estatutua

ERCk ezezkoa emango dio PSOEk eta CiUk hitzartutako Estatutu proposamenari

ERCko zuzendaritzak "aho batez" Zapaterok eta CiUk hitzartutako Estatutu proposamenari ezezkoa ematea erabaki du, Josep Lluis Carod Rovira alderdiko presidenteak jakinarazi duenez. Izan ere, Kataluniako Parlamentuak onartu zuen Estatutu proposamenak eta Madrilek eta CiUk hitzartu dutenak ez dutela zerikusirik uste dute ERCko buruzagiek, eta autogobernuan aurrera egiteko eduki nagusiei uko egin diela CiUk. Era berean, Estatutuarekin gertatutakoa gertatuta Zapatero Espainiako presidente sozialistaren gobernua babesten jarraitzeko obligaziorik ez dutela sentitzen oharrarazi du. Dena den, Kataluniako hiruko Gobernuko kide izaten jarraitzeko asmoa dutela zehaztu du.

2006ko urtarrilaren 26a
19:56
Entzun
PSOEk eta CiUk hitzartu duten Estatutu proposmenaren aurka bozkatuko du ERCk; hala erabaki du alderdi independentistako zuzendaritzak, Carod Rovirak nabarmendu duenez, "aho batez". Izan ere, Kataluniako Parlamentuan onartu zen testuak eta orain aurrera doanak ez dutela elkarren antzik uste dute, eta autogobernuan aurrera egiteko edukiei uko egin diela CiUk.

CiUrekin ez ezik, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu sozialistarekin ere haserre agertu dira ERCko buruak. Izan ere, Zapaterok hitza jan duela azpimarratu dute: Kataluniako Parlamentuak onartutako Estatutua errespetatuko zuela agindu zuela, eta ez duela bete. Era berean, Zapateroren "askotariko Espainiaren" proiektuak porrot egin duela iritzi diote.

Hori guztia dela eta, dagoeneko ez dutela Espainiako Kongresuan Zapateroren Gobernua babesten segitzeko obligaziorik sentitzen oharrarazi dute, eta aurrerantzean beren irizipide hutsen arabera egingo dutela lege batzuen edo besteen alde.

Hala ere, Kataluniako hiruko Gobernuan PSCrekin eta ICVrekin batera agintzen jarraitzeko asmoa dutela zehaztu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.