Gero eta nafar gehiagok ontzat ematen dute euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartzea. Horixe berretsi du Eusko Jaurlaritzak egindako azken inkesta soziolinguistikoak, eta horixe erran du Euskarabideko zuzendari Maximino Gomezek Nafarroako Parlamentuan, Hezkuntza Batzordeko kideen aurrean. «Azken hamar urteotan, aldeko jarrerak hamasei puntu egin du gora; eta kontrakoak, berriz, hamazazpi behera». Hala eta guztiz ere, eremu euskalduneko datuak nabarmendu ditu Gomezek, jarrerari buruz, eta azken hamar urteetan eremu horretan euskararen sustapenaren aurka direnen kopurua handitu dela erran du parlamentarien aurrean. «%3,2 zen 2001ean; eta %9,4, berriz, 2011n». Igoera horren atzean dauden arrazoiei buruzko iritzia ere eman du Gomezek Nafarroako Parlamentuan: «Euskararen erabileraren presiopean daude herritarrak eremu horretan. Egoera horrek hizkuntzaren kontrako jarrera sortzen du, eta hori gertatzea arrazoizkoa eta logikoa dela uste dut».
Hori izan da Euskarabideko buruak inkesta soziolinguistikoak jasotako datuen inguruan eman duen iritzi bakarra, behin eta berriz errepikatu baitu txosten hori Eusko Jaurlaritzak egin duela eta, ondorioz, ez dagokiola Euskarabideari ondorioak ateratzea. Argi utzi du, hala ere, datuek «errealitate hagitz ezberdinak» islatzen dituztela eremuen arabera, eta horrek agerian uzten duela «parte hartze ezberdinak» jarri behar direla abian.
Euskararen Legea
Bilduk eskatuta agertu da Maximino Gomez Hezkuntza Batzordeko kideen aurrera. Haren azalpenen ildotik, 1986. urtetik Euskararen Legeak Nafarroa hiru eremutan zatitzen duela gogora ekarri du Bilduko Aitziber Sarasolak eta, lege horren ondorioz, «eremu batean eguneroko kontu dena» salbuespena dela beste batean: «Eskubide bat eremutan banatzeak halako irregulartasunak eragiten ditu». Bertze lege batekin, eta D eredua herrialde osora zabalduz, errealitatea bertzelakoa litzatekeela erantsi du Bilduko parlamentariak.
NaBaiko Patxi Zabaletak, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak eskaerari so egin beharko liokeela erran dio Euskarabideko buruari: «Euskaraz ikasteko aukera nork eskatzen duen hartu behar da kontuan; nork eskatzen duen euskara erabiltzea». Zabaletarekin bat egin du Ezkerrako Marisa de Simonek, eta D ereduan aritzeko eskubidea nafar guztiek izan beharko luketela erran du.
Euskararen Legea bere horretan uztea defendatu dute, bertzalde, UPNko, PSNko eta PPko ordezkariek. Pedro Rascon sozialistaren hitzetan, «lege eraginkorra» da, eta ez du inoren eskubiderik ukatzen.
Euskara. V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak Nafarroan
Erdaldunak eremu euskaldunean «presiopean» direla dio Gomezek
Euskarabideko burua azkeneko inkesta soziolinguistikoaz mintzatu da Nafarroako Parlamentuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu