Emagin gisa lan egiteko esparru guztiak probatu ditu Charo Fernandez Fontanillok (Zamora, Espainia, 1955). Donostian egin zituen Erizaintza ikasketak, eta Madrilen espezializatu zen emagin izateko. Urteotan guztiotan hainbat lekutatik igaro da; aitzindari izan da erditzeetan amei protagonismoa emateko mekanismoak abian jartzen. Egun, Ordiziako osasun etxean dabil, guraso izango direnei oinarrizko laguntza ematen.
Gasteizen, Bartzelonan eta Donostian lan egin duzu. EHUn irakasle gisa ere bai. Ponentzietan parte hartu duzu. Orain, Ordizian zaude.
Nekeagatik iritsi naiz honaino; emagin lanetan hasi nintzenean, banekien urteak igaro ahala erditzeetako lana alde batera utzi beharko nuela. Tentsio handiko lana da emaginarena, nekagarria egunero eta urte luzez horretan aritzeko. Urteak pasa ahala, zerbait lasaiagoa behar nuela ohartu nintzen, eta apur bat aldatzea erabaki nuen. Berriz ere oposizioetara aurkeztu, eta honetan aritzeko gaitua nengoela erakutsi behar izan nuen, emaginak formatzen urteak igaro eta gero. Nire bizitza profesionalean ezagutu beharreko beste eremu bat da orain nagoen hau. Erditzeetan laguntza ematen aritu naiz, eta irakaskuntzan zein kudeaketan lan egin dut. Ondorioz, oinarrizko laguntza zen ezagutzeko falta zitzaidana. Erditzeetan, iritsi eta 24-48 ordu artean agurtu egiten nituen amak, eta, orain, haurdunaldiaren prozesu osoa eurekin bizi dut. Gainera, ez da gauza bera hiri handi bateko osasun etxe batean edo herri txiki batekoan aritzea. Ordizian gertuko harremana du jendeak, eta ezinbestekoa da sekretu profesionala oso zorrotz zaintzea; hau bezalako lekuetan dena jakiten da.
Lan molde guztien artetik, zer da gehien bete zaituena?
Bolada bakoitzean kontu ezberdinek betetzen ninduten, aldatzen joan dira heldutasuna hartu ahala. Erditzeetako emagin lanetan hasi nintzenean, gaztea nintzen, unean unekoa bizi nuen, emozioak eta berehalakotasuna. Orduan, une handia haurra jaiotzen zenekoa izaten zen; hasiberri guztiek nahi izaten genuen ahalik eta erditze gehienetan egotea. Pertsona eta profesional modura heldu ahala, erronkak nituen gustuko. Erditze konplexuenak edo arreta gehien eskatzen zutenak. Orduan haurra jaiotzen zeneko uneak baino garrantzi handiagoa zuen prozesuak, bidean egin beharreko lanak. Etxera joan eta pazienteak esperotakoa jaso zuela pentsatzeak betetzen ninduen. Orain, aurreko guztiak betetzen nau, erditzera arteko bidean emakumeen laguntzaile izateak eta segurtasuna transmititzeak. Orain nahi dudana emakume guztiak erditzera seguru iristea da, eta beti ez da erraza.
Nolako oroitzapenak dituzu hasierako garaiez?
Madrilen egin nituen ikasketak, eta Txagorritxun hasi nintzen lanean. Han, taldeko lanaz zenbat gozatu nuen oroitzen naiz. Nire seme-alabek euren lanetan halaxe gozatzen dutela jakitea gustatuko litzaidake. Garrantzitsua da lanean giro ona izatea; talde bikaina osatzen genuen ginekologoek eta emaginok.
Zer aldatu da ordutik hona?
Erditzeetan tratuarekin pozik ez zeuden zenbait emakumeri esker, handitu egin da emaginei aitortzen zitzaien balioa. Beste zenbait herrialdetan hemen baino balio handiagoa aitortzen zaiela ere egia da, Erresuma Batuan esaterako. Erditzeen arretarako egin genuen gidarekin ere aitortza handiagoa jaso dugu, baina osasun arlotik kanpo dagoen jendearen aitortzaz ari naiz.
Zure eskuek haur asko munduratu dituzte. Etorrera bakoitza zerbait berezi moduan bizi zenuen, edo bat gehiago bezala ikusten zenituen?
Ez dut gezurrik esango, zenbait erditze bat gehiago bezala soilik ikusi izan nituen. Baina ahalegin asko egitera behartzen nindutenak oso une bereziak ziren, aktiboki parte hartzen nuelako. Edonola ere, ezin dut esan haur guztiak nire bizitzako parte direnik, modu orokorrean oroitzen baititut. Badakit ume asko jaiotzeko laguntza eman dudala, gizadiaren alde zerbait egin dudala. Baita ama askori lagundu diedala ere. Baina kito, hor amaitzen da; haur horiek ez dira nireak. Prozesu erabat naturala da, geure umeekin ere gertatzen zaigu. Ama izan berritan kezka bakarra haurra da; lehen urteetan hura hezteaz soilik arduratzen gara. Baina, behin heltzean, zilbor hestea eten eta bere kasa hegan egiten uzten diogu. Ba, berdin gertatzen da emaginen eta umeen artean ere; epe laburragoan eta arinago, baina antzekoa da.
Nolako eragina du emakumearen eta erditzean harekin dauden profesionalen arteko harremanak?
Erditzeetarako gidan jasotzen den puntu garrantzitsuenetakoa da hori, hain justu. Arrisku txikiko eta baldintza arruntetako erditzeetan zaintza lanak emaginen esku uzteko aholkatzen da bertan. Eta, noski, garrantzi handia du horrek; ama izango denak erditzerakoan ondoan egoteko hautatzen duen gertukoak eta profesionalak asko eragin dezakete erditzearen emaitzan. Ez haurra hobeto edo okerrago jaiotzeari dagokionez, amaren sentipenei dagokienez baizik. Ondokoek asebeteta irteten lagun baitiezaiokete.
Gaur egun, geroz eta ohikoagoa da etxean erditzeko aukera.
Ongi iruditzen zait. Hainbat lekutan, baita gurean ere, badaudelako etxeko erditzeetarako gaitu diren profesionalak. Hala ere, erditze pertsona horiek ondo prestatuta egon behar dute, eta ospitalekoa ez bezalako eremu batean, bestelako bitartekoekin lan egin beharko dutela kontuan izan. Berez, idealena haurdun dagoenak bere eremu naturaletik mugitu gabe erditzeko aukera izatea litzateke, baina ez gaude horren aurreratuta. Gainera, erditze horiek pribatuak dira, norberak ordaindu beharrekoak, alegia. Hainbatek pentsatuko du: "Neure etxean erditzearren, eta ziurrenik ospitalean baino baldintza kaxkarragoetan, halako dirutza ordaindu behar al dut?". Horregatik egiten da ahalegina ospitaleetako erditze gelak ere ahalik eta gertukoenak izateko, eta arazoak sortuz gero eramaten dituzte pazienteak erditze interbenituetako geletara.
Hautu hori egiten dutenek arreta pertsonalizatuagoa nahi ote dute?
Baiezkoan nago; gainera, amak izan behar du erditzeko protagonista, eta normala iruditzen zait arreta pertsonalizatua nahi izatea. Ama izatea eta erditzea bera bizitzako prozesu oso garrantzitsua da, inoiz ahazten ez dena. Ondorioz, erietxean bat gehiago soilik sentitzeko arriskua ikusten duenak momentu hori bere erara bizi nahi izatea oso normala iruditzen zait niri. Emakume bakoitza mundu bat da, eta bakoitzaren erditzea zer esanik ez. Lehen aipatutako gida sortzen hasi ginenean, ohartu ginen pazienteak espero duena ematea zela abiapuntua, eta hori da gakoa. Ezin zaio arlo profesionalari soilik erreparatu.
Arabako 40 emagin inguruk kanpaina bat egin zuten erditzeetan protagonismoa amei itzultzeko. Subjektu izaera galdu dute?
Bai, erabat galduta egon da. Baina pazienteen autonomia legeak lagundu zuen pixkanaka protagonismo handiagoa ematen. Horri esker ohartu ginen pazienteen erabakitzeko eskubidea kontuan hartu behar dugula, eta erditzeetan are gehiago. Erditzea ez da gaixotasun bat edo minagatik egiten den ebakuntza bat, beraz, emakumeak egiazko subjektu izateko aukera du. Baina medikalizatu eta ospitalean sartu dugunez, badirudi bertako profesionalak direla gehien dakitenak eta erabakiak hartzen dituztenak. Pazienteen autonomia legearekin ulertu genuen erabakia eurek hartu behar zutela. Baina, noski, nola erabakiko zuten, ba, zer erabaki behar zuten ere ez bazekiten? Hori erakusten saiatzen naiz ni oinarrizko laguntzaren bidez.
Gaur egun, erditze naturalagoak aldarrikatu ohi dira, baina zenbaitek naturaltasunaren izenean idealizatuegi ez ote dago guraso izatea?
Hara, duela bi aste EHUko berdintasun jardunaldi ireki batzuetan egon nintzen. Bertan, amatasunaren mitoari buruzko hitzaldi bat eskaini zuen antropologo batek, eta esan zuen mito hori buruan txertatua dugula aspalditik baina galdu samartuta dagoela. Badirudi, ordea, ama izango diren zenbaitek berreskuratu eta haren ondorio guztiak bururaino eraman nahi dituztela. Behar hori badute, zilegi da amatasuna mito gisa bizitzeko hautua.
Erditze osteko depresioari behar besteko garrantzia ematen al zaio?
Ez da gai tabua, baina ez da ezer asko egiten. Kontua da tristura normalaren muga pasatzean hasten dela depresioa; hori profesionalek diagnostikatu beharreko kontua da, eta emaginok ez gara profesionalak. Guk arrisku hori ikusiz gero, pistak eman ditzakegu edo profesionalei pertsona hori zaintzeko eskatu. Ondorioz, haren familia medikuak, bikotekideak edo gertukoek jo behar dute profesionalengana. Baina, egia esan, ez dut uste gaia behar bezala tratatzen dugunik oraindik.
2006ko elkarrizketa batean, pozik zinen Donostia ospitalean zesartar ebakuntzen kopurua jaitsi zenutelako.
Osasunaren Munduko Erakundeak aholkatzen du zesartar ebakuntza egindako erditzeek %15 inguru izan behar dutela. Kopuruak gora egin zuen boladan hartu genituen guk neurriak. Batzar batean hala erabakita, zesareen batzordea sortu genuen, eta astero edo bi astez behin biltzen ginen. Epe horretan zesartar ebakuntza praktikatutako erditze kasu guztiak hartu, eta gure artean eztabaidatzen genituen. Hala, zesartar ebakuntza egin edo ez erabakitzearen karga kendu genion ginekologoari, eta ebakuntza haren ordezko moduak bilatzen hasi ginen. Adierazlea %12ra jaistea lortu genuen, Espainia mailako txikienera. Orduko osasun ministroak horregatik esan zigun guri erditzeetako gida egiteaz arduratzeko.
Donostian bertan, erditzean hiltzen ziren edo hilda jaiotzen ziren haurren kasuetarako protokoloa egiten parte hartu zenuen.
Garai batean, emakumeek seme-alaba asko izaten zituzten, eta denek zekiten baten bat ez zela bizirik aterako. Orain, ordea, ama izateko adina atzeratua dago; asko planifikatzen da dena, eta sarri guztia ez da nahi bezala irteten. Ba horri umearen galera gehituz gero, kolpe ikaragarria da gurasoentzat. Ondorioz, gaur egungo doluak gogorragoak dira. Protokoloa egin aurretik, jaio gabeko haur bat hil zitekeen ideia ez zegoen oso garatua, eta ez genuen uste dolurik behar zenik, gurasoei haurra ikusten ere ez genien uzten ia. Ni bereziki kezkatuta nengoen, eta behin eta berriz egiten nuen galdera bera, eta formazioa behar genuela esaten nuen zerbitzu zentraletan. Kostata, baina helduen doluekin lan egiten zuen erizain bati eskatu zioten ikastaro bat emateko, eta arrakasta izan zuen; kide askok esan didate inflexio puntua izan zela. Haurra ikustea ere garrantzitsua dela ohartu gara. Oroitzapena osatzeko eta gertatua onartzeko, beharrezkoa da aurpegia jartzea, bestela ez gara gai minaren zirkulua ixteko.
Erditze batean haurra hilda zegoela ohartzean zer sentitzen zenuen?
Ezin da hitzez kontatu; pentsatze hutsarekin hunkitzen naiz.
Emaginok sustatu izan duzue bularra emateko ohitura ere.
Ama izatear zeuden emakumeek iritzi ezberdinegiak jasotzen zituzten hainbat aldetatik. Askotan ahaztu egiten dugu, baina gogorra da maiztasun zehatzarekin haurrari bularra eman beharraz kontzientziatzea. Emakumeak lan merkatuan sartzen joan ahala, galdu egin da etengabe haurrarekin egoteko ohitura ere. Horretarako sortu zen biberoia, bularreko esnearen ahalik eta antzekoena eman, eta, nolabait, amak liberatzeko. Baina esne horrek ez ditu bularrekoaren ezaugarri guztiak, eta larrialdietara eramaten zituzten haurren kopurua pixkanaka igo egin zen. Hala, ohartu ginen bularra emateko ohitura zuten lekuetan haurrek osasun arazo gutxiago izaten zituztela, eta orduan hasi ginen edoskitzea sustatzen.
Zein protagonismo dute aitek haurdunaldian eta erditzean?
Lehen baino protagonismo handiagoa badutela esango nuke. Gehiago eman beharko litzaieke agian, baina, nire iritziz, emakumeak eman nahi dien protagonismo guztia izan beharko lukete gizonezkoek. Ama izango denaren prozesu moduan ulertu behar dugu. Senarra egotea erabakitzen badu, hark nola lagundu behar dion jakin beharko du. Horretarako da oinarrizko laguntza