Bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten beharra nabarmendu zuen atzo euskal gehiengo sindikalak, aldaketa emakumeentzat «are beharrezkoagoa» baita. Prekarietatearen aurrean, emakumeok eredu berri bat lelopean, manifestazioak egin zituzten Hegoaldeko hiriburuetan, ELA, LAB, ESK, EILAS eta Hiru sindikatuek deituta. Lan munduan zein bizitzako beste esparruetan emakumeek duten prekarietatea deitoratu zuten, eta Hegoaldean proposatutako lan eta pentsio erreformek andreak «mendekoago» egingo dituztela salatu.
Izan ere, krisialdi ekonomikoa hasi aurretik andreak «egoera prekarioan» bazeuden, «krisiak gogor astindu» dituela berretsi zuten atzo, «sektore feminizatu eta ezkutuak» batik bat gogoan hartuta. «Hori dela eta, langile guztientzat eredu ekonomiko eta soziala aldatzea beharrezkoa bada, emakumeentzat are beharrezkoagoa da», adierazi zuen LABeko Zaloa Ibeasek Bilbon.
Baina aldaketa horren kontra doaz Espainiako Gobernuak eta patronalak berriki proposatutako pentsio eta lan erreformak. Ibeasen arabera, «emakumeentzat eraso zuzen eta bortitzak dira; besteak beste, behin-behinekotasuna sustatu nahi dute, eta arlo horretan andreen egoera oso larria da», %30k behin behineko kontratua baitute. «Dagoeneko traba ugari dugu aukera berdintasunean jarduteko, eta aldaketa horiek onartzeak emakumeak mendekoago bihurtuko gaitu».
Confebasken aurrean
CCOO sindikatua ere emakumeen bazterketa molde guztien aurka agertu zen, Confebasken Bilboko egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean. Krisiaren aitzakian emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz egindako urratsak gal ez daitezen eskatu zion patronalari. Bestalde, negoziazio kolektiboetan berdintasuna aldarrikatzeko beharra nabarmendu zuen UGTk.
Eredu aldaketa «are beharrezkoagoa» da emakumeentzat
Pentsio eta lan erreformek andreak «mendekoago» egingo dituztela salatu dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu