EAJk PSE-EEri emango dion “saria zein den jakitea bakarrik falta” dela salatu du Oskar Matute EH Bilduren ordezkariak, EAJk eta PSE-EEk iragarri dituzten herri akordioez ari dela. “Akordioa babesten dutenen lorpen pertsonaletan edo politikoetan soilik zuri daiteke”. Aurretik ere bi alderdion artean “parte hartze dinamika” egon da, Matuteren arabera: EITBren zuzendaritzako izendapenean dago “aurrekaria”, edota Arartekoaren inguruan egondakoan.
Bi alderdien “beharrizanen egokitzapena” da egiten ari direna, EH Bilduren arabera, eredu ekonomiko eta soziala “betikotzen” eta herritar gehienak “zigortzen”. EAJk “ahultasuna estali” nahi du, eta PSE-EEk, "boterea galdu ondoren, presentzia politikoa izatearen beharra dauka”.
“Herri honen nortasuna onartzen eta errespetatzen ez duen” alderdiarekin hitzartzea ere leporatu dio EH BIlduk EAJri. PSE-EEri eta PPri “herri hau gobernatzeko giltza” ematen ari zaiela, eta “asmo argia” kritikatu du EH Bildu baztertzeko.