Ekonomia da, lagun. Bai, baina horrek ez dio irabazkinik emango PSOEri boto-emaileen aurrean, nekez lortuko du-eta krisi ekonomikoari buelta eman beharrean gizarte laguntzen eta langile eskubideen murrizketa eta langabezia gehiago ekarri dituen kudeaketa ekonomiko kaskarrarekin jendea sozialistentzako botoa ematera konbentzitzea. Garaipenak saldu behar dira, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero aipatu gabe, meritu guztiak orain Alfredo Perez Rubalcabarentzat izan behar dute eta.
Eta sozialisten artean ez dago saltzaile hoberik Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerra zakur zaharrak baino. Biek, bata bestearen ondoren, hartu zuten parte, atzo, Dos Hermanasen (Sevilla, Espainia) PSOEk egindako mitinean: hamabost urte ziren biek elkarrekin horrelako ekitaldi batean parte hartzen ez zutela.
ETA izan zuten hizpide nagusi Espainiako gobernuburu eta gobernuburuorde ohiek. ETAk jardun armatua amaitu izana, zehazki, eta horren meritu guztia Alfredo Perez Rubalcabak duela esateko. Ereinotz koroen banaketa, domina jartzea izan zen ETAri buruz hitz egiteko ekitaldia.
«ETA garaitu duena»
Ez, ez zen orain irekitzen den aro politikoan egin beharreko urratsez mintzatzeko ordua. Ezta biktimak omentzekoa ere. ETA garaitu egin dutela eta sozialistek garaitu dutela esateko ordua zen. «ETAren mehatxurik gabe kanpaina bat hasten dudan lehen aldia da hau. Baina une honen zain 43 urte igaro dugunean, orain inork ez du honetaz hitz egin nahi, jasangaitz zaielako ETA gobernu sozialista batek garaitu izana», hasi zuen Guerrak diskurtsoa. Eta PPri eta Mariano Raxoiri eraso zien: «Ziur naiz Raxoi bibotedunarengana [Jose Maria Aznarrengana] joan zela Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduari eska ziezaion egun batzuk itxaron zitzala atentatuak egiteari utzi diotela iragartzeko, inkestei kasu egitera, ea une horretan Moncloan egotea egokitzen zitzaion».
«Bada, ez zaizu egokitu», bota zuen Guerrak, «ezin izan dute itxaron, zortzi urteotan ETA jazarri eta azkenean garaitu duena hemen dagoelako; Alfredo da».
«Politikoki zuzen» izateari uko egin zion Guerrak. «Ezin dut esan terrorismoaren porrota denon lana izan dela. Egia garratza da, eta ahotik iraitzi beharra daukat, batzuek besteek baino gehiago egin dutelako».
Egungo gobernua, Guerrak esplikatu zuenez, «gerra bidegabe eta ilegal batetik tropak erretiratuz sartu zen eta ETA garaituz irten da».
Gonzalez ere Raxoiri erasoka
Felipe Gonzalez ere ez zen mutu egon. Guerraren ostean oholtzara igo, eta bota zuen sozialistek ETAri sekula ez ziotela deitu Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua PPk egin moduan, eta «orain terrorismoaren aurkako borrokan bularra puztuz dabiltzan horiek» ETAri «baldintzarik gabeko elkarrizketa» eskaini ziotela esan zuen. Gonzalezek ere iradoki zuen PPk ETAren agiria bozen ostean iristea nahi zuela.
Guerrak eta Gonzalezek ez bezala, Rubalcabak ez zuen ETA hizpidetzat hartu. Esan beharrekoak esanda zeuden ordurako.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Ereinotz koroen banaketa
Sozialistek euren garaipentzat hartu dute ETAren jardun armatuaren amaiera, Sevillan egindako ekitaldianGonzalez-Guerra bikotearen ustez, PPk ez zuen nahi erabakia bozen aurretik iristea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu