Uste baino errezago kendu dute. Atzo arratsaldean, Nafarroako Gobernuko teknikariek ereinozduna erretiratu zuten Nafarroako Jauregiaren gainaldean dagoen armarritik. Sei zatitan banatu eta eraikinetik kenduta, Bianako Printzea instituzioaren biltegira eraman dute ikurra.
Memoria Historikoaren Foru Legeak dioena bete nahirik, ekainaren 29ko gobernu kontseiluak erabaki zuen ereinozduna kentzea. Duela astebete jarri zuten aldamioa eraikin aurrean, eta bi edo hiru asteko lana izanen zela esan zuten arren, zazpi egun besterik ez dute behar izan.
Gurutze ereinozduna Espainiako armadaren saririk preziatuena da, eta Francisco Franco diktadoreak bere alde borrokatu ziren zenbaiti banatu zien. 1937an eman zion San Fernandoko gurutze ereinozduna Nafarroari, 36ko gerrara joandako boluntario nafarrek kolpe militarrari emandako babesagatik eta gerran egindakoengatik. 1951n, Nafarroako Jauregiaren frontoian eskultura egin zuen Fructuoso Ordunak. Bertan, janzkera klasikoa duten bi gizonen artean Nafarroako armarria dago gurutze ereinozdun horrekin. Hau da, eskultura bateratua da: ez zitzaion ereinozduna hasierako eskulturari gehitu, baizik eta hasieratik hala diseinatu zen.
Nafarroako Memoria Historikoaren Legeak behartu egiten du ereinozduna eraikin publikoetatik kentzera, baina UPNren gobernuak sistematikoki uko egin zien kentzeko eskaerei.