Eremu mistoko errotulazioak, ele bitan izango dira baina mugak izango dituela ere azaldu du Sanzek. Errepideetako seinale berriak idatziko dituzte ele bitan. "Nahita kaltetzen direnak gazteleraz jarriko ditugu", ohartarazi du Nafarroako Gobernuko presidenteak. Orain arteko hizkuntza politikaren defentsa sutsua egin du eta adierazi du euskararen legea ez dela aldatuko talde batzuk horrela eskatu arren. Nafarroako Gobernuak hartuko du legea garatzeko ardura eta ez du uste aldaketak egin behar direnik.
Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia
Joan den ekainean, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen 2000.urtean Administrazioan euskararen erabilera arautzeko Nafarroako Gobernuak onartu zuen dekretua eta harekin batera eremu mistorako plana.
Gaur, Sanzek adierazi du sententzia horrek ez duela eraginik izango Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikan.
Nafarroako Justizia Auzitegiak erabaki zuen 2000.urteko dekretuak forma akatsen ondorioz ez zuela balioa. Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpen horrekin egin zuen bat ekainean. Nafarroako Gobernuak orduan, dekretu berria egin zuen. Mamiari dagokionez aurrekoaren berdina zen, baina forma akatsak zuzendu zituzten. Dekretu berri hura 2003an onartu zuen Nafarroako Gobernuak.
Hori dela-eta, adierazi du gaur Sanzek sententziak ez duela Nafarroako Gobernua hizkuntza politika aldatzera behartzen. Izan ere, Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu du sententzia horrek dagoeneko indarrean ez dagoen arau bati eragiten diola.
hizkuntza normalizazioa
Eremu mistoko errotulazioa ele bitan izango dela iragarri arren, Sanzek orain arteko hizkuntza politika defendatu du
Joan den ostiralean iragarri zuen Nafarroako Gobernuak euskararen erabilerari buruzko jarduera plan berria egingo zuela. Besteak beste, eremu mistoan errotulazioa ele bitan izango dela iragarri zuten, izen ofiziala ele bitan duten herrien kasuan. Gaur Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak zehaztu du aldaketa horiek "bizikidetza susatzeko" egingo dituztela baina ez dutela orain arteko hizkuntza politikan aldaketarik egingo. Izan ere, Sanzen arabera, Nafarroako Gobernuak ez du inolako hizkuntza eskubiderik urratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu