Herenegun Nafarroako Parlamentuak onartutako mozioaren onespenak argi berdea eman du Nafarroan indarrean dagoen euskararen legeari hogeita bi urtean lehen aldiz aldaketa bat egiteko, baina erabakia, funtsean, eremuen banaketaren inguruan dagoen eskizofrenia eta beldur politikoaren froga baino ez da. Hain zuzen ere, eremu mistoa aldatzeko proposamenak ia legea bera bezain zaharrak direlako. Eta aldaketa saioek behin eta berriro talka egin dutelako indar politikoen banaketarekin. Herenegun gertatu zena, alegia.
IU taldeak egindako proposamenak herenegun jaso zuen onespen hori bera batzordearen eztabaidetan eta hurrengo osoko bilkuran ere lortuko balu, berez ez litzateke aldaketa handirik izango. Noain, Aranguren, Galar eta Elortzibarreko gurasoek D eredua herritik mugitu gabe hautatzeko aukera izango lukete, baina hori jada iragarria zuen Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilariak, duela bi aste. Horko biztanleek Administrazioko paperak eta errotulazioa ere euskaraz eskatzeko eskubidea izango zuten, baina Nafarroako Gobernuaren administrazio lokal ia guztiak Iruñean izanda, hori guztia, askotan, udalen esku izan ohi da.
Askoz gehiago ez dakar aldaketak. Nolanahi ere, legea azkenean zabalduko balute, UPNrentzat zartakoa litzateke, behin eta berriro azpimarratu duelako Euskararen Legean aldaketarik ez duela onartuko. Eta PSNrentzat, berriz, iparorratzaren pareko norabidearen beste froga bat litzateke, hain justu gaia jorratzeko duela hiru urte egin zen Parlamentuko batzorde txostengilean legea bere horretan oso ondo zegoela defenditu eta onartu zuelako alderdi horrek berak.Horregatik, ez da gutxiestekoa Victoria Arraiza parlamentariak legeari herenegun eskaini zion defentsa sutsua. Eta bota zuen mehatxua: litekeena zela batzordean jarrera aldatzea. Adostasun hitza aipatu baitzuen berriro.
ABERTZALEAK, ADOSTASUNETIK KANPO.Adostasun hitza izango da Euskararen Legearen inguruan gehien erabili dena. 1986an eztabaidatu eta onartu zenean, hori nabarmendu zen oroz gain, adostasuna, nahiz eta alderdi abertzaleak kanpo utzi. Eta aldaketaren aukera mahai gainean jarri denetan, hori izan da, beti, hitz gakoa. Nahiz eta alderdi abertzaleak adostasuna horretan ez diren inoiz sartu.
Horregatik hain zuzen ere, adostasuna erabatekoa inoiz ez delako lortu, horregatik porrot egin dute legea aldatzeko saio guztiek. 90eko hamarkadan, behin baino gehiagotan eztabaidatu zen gaia Parlamentuan, eta eremu mistoa zabaltzeko aukeraz lehen aldiz hitz egin zenean, Herri Batasunak kontra bozkatu zuen, aldaketa txikiegia zelakoan. Proposamenak ez zuen aurrera egin.
Pedro Pegenauteren garaian ere, EAk gaia Parlamentura eraman zuen berriro, eta PSNren adostasuna lortu bide zuen, baina azken unean atzera egin zuten talde horretako parlamentariek.
Azken saioa Aralarren ekimenez 2004ko bukaeran Parlamentuan osatu zen batzorde txostengilea izan zen. Hainbat hilabetez, hamaika talderen agerraldiak izan ziren, adituen iritzi eta txostenak irakurri eta aurkeztu ziren, baina azkenean lortu zen txostenak ez zuen UPNren eta PSNren onespena jaso baizik. Eremuen arteko banaketa «Foru Erkidegoaren izaeraren marka berezituaren parte» zela, «berezko elebitasunaren froga». Eta legea bera «Nafarroako hizkuntza pluraltasunaren topagunea». Aldaketa ez zela «egungo errealitate soziolinguistikorako ez gomendagarria ez egokia».
«LEGEA ALDATZEKO ASMORIK EZ». Carlos Perez-Nievasek Hezkuntza Departamentuaren ardura hartu zuenetik gehien erantzun dituen galderetako bat izan da. Euskararen Legea aldatuko? Ezetz. Baina eremu mistoak azter daitezkeela. «Legea aldatzeko ez dugu inolako asmorik», esan zuen Perez-Nievasek ENAI Euskararen Nafar Institutuko burua aurkeztu zuenean. Baina herrialdeko egoera soziolonguistikoari buruzko ikerketa egingo zuela, Noaingo eta inguruko gurasoen iritzia jasotzeko.
Gurasoek iritzia eman zuten aurreko kontseilariak enkargatu zuen txostenean, eta gehienek euskara hautatuko zutela adierazi zuten, baina beste inkesta bat behar zela tematu zen Perez-Nievas. Eta, orain, inkesta egin baino lehen, Parlamentua aurreratu egin zaio kontseilariari.
Perez-Nievasek behin baino gehiagotan onartu du, off the record, UPNren presiopean lan egin behar duela euskara eta hezkuntza gaietan, eta erritmoak alderdi nagusiak markatzen dituela. Horregatik, UPNk ez zuen batere ondo jaso herenegungo bozketaren emaitza. Haiek gabe edozein aldaketa hanka-motz geratuko litzatekeela. PSNren kontrako mehatxu argia da. Eta dagoen eskizofrenia politikoaren froga.
Laburbilduz: NaBaik eta IUk gutxieneko aldaketa dela azpimarratu dute; PSNk ez du legea aldatu nahi, baina aldaketa egitearen alde bozkatu du; CDNk aldatuko luke, baina eginda dagoen inkesta berriro egitekotan; UPNk ez luke ezer aldatuko, eta, eremu mistoa zabaltzekotan, legeari artikulu bakar bat ere ukitu gabe. Horixe zen plana: CDNri amore eman, eta Noain eta Arangurenen D eredua zabaltzea, baina mugak bere horretan mantenduz.
Pozten diren bakarrak, antza, egunero haurrak autobusetan sartu behar dituzten gurasoak.
Eremuak, politikarien isla
Eremu mistoa Iruñerri osora zabaltzeko Nafarroako Parlamentuan herenegun onartu zuten mozioa lehen urratsa da legea aldatzeko, baina hamaika saio izan da lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu