Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua izan da Berria Telebistak prestatutako galdera sortari erantzun dion azken hautagaia. Askotariko galderak erantzun ditu horrek ere, eta hautagaiek ohiko elkarrizketetan agertzen ez duten aurpegia erakutsi du, Pili Zabalak eta Iñigo Urkulluk bezala. Enekoitz Esnaola Politika saileko kazetariak egin dio Iriarteri bihar paperean argitaratuko den elkarrizketa, eta aurrerapen gisa prestatu du bideoa BerriaTBk.
[YouTube]https://youtu.be/BjYbxuUQlCg[/YouTube]
Egunerokoan euskara darabil ahoan Iriartek. Bai familiarekin, bai lanean: “Nire hausnarketa eta pentsamendu guztia euskaraz garatuta dago”. Halere, gertatu izan zaio saltoki batean edo administrazioan euskaraz hitz egiten hasi eta harrerakoak gazteleraz egiteko eskatzea, “euskaldun guztioi noizbait gertatu izan zaigun bezala”. Horrelakoetan, edukazio gutxirekin eskatu izan diotenean minduta sentitu dela aitortu du. Euskal Herriko ereserki nazionalaz galdetuta, adostutakoa eta herriak nahi duena izatea nahiko luke, baina berak beste lehentasun batzuk dituela gaineratu du.
EH Bilduko hautagaiak garraio publikoa defendatu du; hirian mugitzeko modurik egokiena dela uste du, berak egin ohi duen bezala. Twitter du sare sozialetan gustukoena, “zer ari den gertatzen ikusteko, batez ere”, eta jakinarazi du berak idazten dituela bere kontuko txioak. Facebook orain hasi da erabiltzen. Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika liburua da euskaraz irakurri duen azkena; halere, bidaia luzeetan ez omen du irakurtzen, mareatu egiten delako. “Errepideko marra zuriari begira joaten naiz”. Erantzun horiek eta gehiago daude ikusgai bideoan.